- Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa
Ugarteburu oso indartsu agertu da
DONOSTIA
Joxe Ugarteburu sasoiko dago, eta joan den ostiralean Lekeition jokatu zen Euskal Herriko aizkolarien Hirugarren Mailako kanporaketan hori argi eta garbi utzi zuen, oso erraz lortu baitzuen garaipena, eta txapela janzteko ere hautagai nagusi bihurtu da Ezkiokoa.Minutu bateko aldea kendu zion bigarren postuan amaitu
zuen Joseba Otaegiri. Bi horiekin batera, Joxemari Teietxea oiartzuarrak ere
lortu zuen finalean izateko txartela. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko moztu
behar izan zituen. Jaime Gorriti ere bertan izatekoa zen, baina min hartu zuen
egun batzuk lehenago, eta ezin izan zen bertan
izan.
Bigarren kanporaketa ere Bizkaian jokatuko da, baina horrek ez dauka oraindik ez datarik ez eta lekurik ere, nahiz eta egun gutxi barru hori jakingo dela iragarri zuen atzo Bizkaiko Federazioak. Bigarren kanporaketan honako hauek hartuko dute parte: Llanos, Garitaonaindia, Aldape, Alkizalete, Lasa, Zabala, Aierbe II.a, Zubizarreta, Mugertza II.a, Etxeberria, Olano, Mandazen eta Eraso. Horiek ere aurreko kanporaketan egindako lan bera egin beharko dute, eta estreinako hirurek lortuko dute finalean izateko txartela. Finala urriaren 12an jokatuko da Basaurin.
|