DONOSTIA
Zubiagak ez zuen hutsik egin, eta erraz lortu zuen atzo Olarizun Arabako txapela. 500 ikusle inguru batu ziren herrialdeko finala ikustera, Olarizura, bertako erromeria egiten den egunean. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta hiru 60 ontzako moztu zituen.Bost aizkolari aritu ziren lehian, eta horietako bi Segoviakoak ziren, herrialde horretakoak baitira Rodriguez aita-semeak. Dena dela, bi horiek Arabako Federazioan dute lizentzia, eta horregatik hartzen dute parte txapelketa horretan.
Zubiagaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, baina estreinako enborretan kosta egin zitzaion lehen postu hori hartzea. Rodriguez II.a oso indartsu abiatu zen, eta bera izan zen aurretik lehen bi enborretan, baina apurka-apurka beherantz joan zen, eta hirugarrengotik aurrera lasai aritu ahal izan zen Zubiaga.
Faboritoa apurka-apurka aldea egiten joan zen, eta amaieran ia bi minutuko aldea izan zuen bere alde.
Emoziorik handiena bigarren posturako izan zen. Llanosek eta Rodriguez I.ak lehia handia izan baitzuten. Batera sartu ziren azkeneko enborrean, baina arabarrak aurre hartu zion segoviarrari azkeneko kolpeetan. Rodriguez gaztea, aldiz, bikain hasi zen. Lehen postuan aritu zen lehenengo bi enborretan, baina hortik aurrera beherantz egin zuen, eta azken bigarren postuan amaitu zen saioa.
Olabarriak, aldiz, ez zuen ezertarako aukerarik izan.
Lehen enborretik geratu zen atzera, eta azkeneko postutik ezin izan zuen ihes
egin.