DONOSTIA
Aho bete hortz geratu ginen igandean Kontxako Banderan izan ginen ikusle eta zale guztiak. Izan ere, Castrok orain oso urte gutxi pentsaezina zena lortu zuen: hemeretzi minututik beherako denbora egitea. Hori, baina, ez zen La Marinerak ondutako marka bakarra, jardunaldi bietako denbora ere dezente hobetu baitzuen. Hogei minututik beherako denbora egin zuen lehen taldea Pasai Donibane izan zen, orain hogei urte. Ordutik aurrera markak hausten joan dira hainbat ontzi urtez urte. Igandera arte, estropada eremuko marka onena Urdaibairen eskuetan zen, 2004. urteko Kontxako Banderako sailkapen estropadan egindako 19:04.64ko denborarekin.
Jardunaldi bakarrean, ostera, Astillerok zuen errekorra, iaz lehen estropadan egindako 19:09.10eko denborari esker. Jardunaldi bira ere talde kantabriarrarena zen markarik onena, 2004. urtean egindako 38:53.56koarekin.
Aurten jardunaldi bietako marka hobetzeko aukera handiak zituen Castrok. Izan ere, lehen estropadan egindako 19:13.68ko denborak bigarrenean 19:40 inguruan ibiltzeko parada ematen zion. Hala ere, itsasoa lagun, Jose Luis Kortaren mutilek ez zuten nahikoa izan jardunaldi bietako marka haustearekin, eta jardunaldi bakarrekoa eta estropada eremukoa ere dezente hobetu zuten.
Marka onenak -jardunaldi batera-
1. Castro (2006, 2. jard.) 18:59.94
2. Astillero (2006, 2. jard.) 19:05.02
> 3. Astillero (2005, 1. jard.) 19:09.10
4. Castro (2005, 1. jard.) 19:11.10
> 5. Castrp (2006, 1. jard.) 19:13.38
Marka onenak -bi jardunaldira-
1. Castro (2006) 38:13.32
2. Astillero (2006) 38:24.92