MADRIL
Auzitegi Nazionalak epaiketako hirugarren saioa jaso zuen. Joan den astean auzipetuak dauden hemezortzi euskal herritarrek deklaratu zuten, eta atzo fiskalaren lekukoen txanda izan zen. Horrek, zortzi eta hamaika urte arteko kartzela-zigorra eskatzen du akusatuentzat.Goiz eta arratsaldeko saioa izan zen, eta orotara 11 izan ziren deklaratu zuten testiguak, guztiak poliziakide espainolak. Haien artean, dilijentzien instruktorea eta idazkari orokorra egon ziren, bi polizia operazioak aurrera eraman zituztenak, baita Iruńeko Polizia espainolaren arduraduna ere.
Defentsak GARAri azaldu zionaren arabera, abokatuek «oso positibo» baloratu zuten bista. Haien ustez, poliziakideek «kontraesan eta hutsune ugari» adierazi zituzten haien testigantzetan, eta atxiloketen nondik norakoak eta tortura salaketak ere ez zituzten azaldu.
Efek azaldutakoaren arabera, poliziakide batek esan zuen, atzemandako agirietan, auzipetuak ETAk «erakartzeko moduko» pertsona gisara agertzen zirela, eta, atxilotu zituztenean, haietako batzuk «erakarrita» zeudela, beste batzuk ez, eta besteak jada ETAn zeudela.
Joan den ostegun eta ostiraleko bistetan 18 auzipetuek fiskalaren galderei erantzuteari uko egin zioten, «salbuespen tribunala» dela salatuta. Haietako askok polizia-etxean tortura pairatu izana adierazi zuten.
Gaur ere epaiketa izango da, eta, auzipetuen abokatuek uste dutenaren arabera, gaurkoarekin fiskalaren lekukoen deklarazioak bukatuko dira. Datorren ostegunean eta ostiralean, aldiz, defentsaren lekukoek hartuko dute hitza.
Bestalde, ugariak izan dira makroepaiketa honen aurkako protestak. Donostiako Loiola auzoan, asteartean 20 lagunek elkarretaratzea egin zuten, Aiora Epelde auzokideari elkartasuna helarazteko. Lekeition, Askatasunak mozioa sartu du udaletxean, Peru Aranburu eta Unai Dańobeitia babesteko.