GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-15
Amurizaren hitzez osatutako kanta berriekin dator Anje Duhalde «Sorminetan» lanean
·Benito Lertxundirekin batera abesten du Mixel Labegueriren «Oi kanta berri» atzo aurkeztu zuen diskoan

Berrogei urte pasatu dira Anje Duhalde musikan hasi zenetik, eta bederatzi urte, kanta propioekin disko bat atera zuenetik. Orain, «Sorminetan» datorkigu, jatorrizko kantuz osaturik, baina kutsu ezberdinarekin estiloari begira. Izan ere, Rafa Ruedak egin ditu ekoizpen lanak, eta horrek Bob Dylan-en antzeko sonoritate mundura hurbildu ditu abestiak. Ideiak transmititzeko, Lapurdiko kantariak Xabier Amurizaren idazkeraren ibilgailua erabili du.

BILBO

Bilboko Kafe Antzokia aukeratu zuen atzo Anje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) “Sorminetan” izenburuko diskoa aurkezteko. Ondoan, Xabier Amuriza bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Anjel Valdes Elkar zigiluaren ordezkaria jesarri ziren.

“Sorminetan” Xabier Amurizarekin duen «konplizitatearen» beste atal bat dela adierazi zuen Duhaldek. «Egia esan, hasieran pentsatu nuen kantuen hitzak egiteko gai nintzela, baina laster batean konturatu nintzen Xabierrek askoz hobeto egingo zuela lan hori. Xabierrek ondo ezagutzen nau detaile on eta txarretan ere; sekulako langilea da eta berriz ere asmatu du hemen. Lan kasik autobiografiko bat egin du nire kantuekin», azaldu zuen.

Lan berriaren beste hanka nagusia Rafa Rueda da. Mungiako rock musikariak ekoizle lanak egin ditu. «Lauaxetaren inguruko proiektuan elkarrekin lan egin genuen lehenengo aldiz. Izugarrizko esperientzia polita izan zen eta, ondoren, disko honen produkzioa egitea proposatu nion. Pilo bat kostatu zait orain arte nik nire kontura eraman ditudalako ekoizpen lan guztiak. Baina, zinez, lan zoragarria egin du», azaldu zuen.

Eta garrantzitsua izan da ere bai grabazio teknikariaren lana. Izan ere, Mikel F. Krutzagak hasieratik diskoa zuzenean grabatzearen alde egin zuen, eta horrela egin zuten. «Musikari guztiek jo dute estudioan, zuzenean, emanaldi bat balitz bezala», adierazi zuen.

Jatorrizko kantak dira gehienak, baina “Sorminetan” lanean badaude bertsio batzuk, Jimmy MacCarthy irlandarrarena esaterako, eta John Hiatt Duhaldek hainbeste miresten duen kantari amerikarraren beste bat. Kolaborazio esanguratsuak ere badaude lanean. «Ni historiaurrekoa naiz, baina badago hor beste jurasiko bat Benito Lertxundi izena duena. Nire ametsa beti izan da berarekin zerbait egitea. Halako batean, telefonoa hartu eta deitu egin nion. Segituan baietza eman zidan eta Mixel Labeguerieren ‘Oi kanta berri’ biok batera kantatzen dugu», esan zuen.

Rafa Ruedak lan zaila egin du egitasmo honetan. «Kantuen jantziak sortzen ibili naiz, eta horretan garrantzi handia izan dute nire taldeko musikariek ­esan zuen Mungiako abeslariak­. Kantak beste dimentsio batera eramaten saiatu naiz, esentzia galdu gabe».

«Nik Anje beti ikusi dut halako kantari amerikar baten antzera ­jarraitu zuen Rafa Ruedak­, eta Bob Dylanen The Band-en kontzeptu hori landu nahi izan dut».

«Disko hau gitarrarekin, ahotsarekin eta harmonikarekin soilik ere egin ahal zen kantak horretarako eginak zeudelako ­aipatu zuen Duhaldek­. Lan zorrotza izan da, estiloa errespetatuz, kantei indarra ematea. Eta nik uste dut Rafak mirariak egin dituela».

Bederatzi urte pasatu dira Errobi taldeko sortzaileak azken kanta berriak aurkeztu zituenetik. Tartean beste bi disko kaleratu ditu, bata ikastolen inguruko abestiekin, eta beste bat, Brassens-en bertsioekin osaturik. «Alferra naiz, eta ez neukan materialik funtsezko zerbait berria egiteko», erantzun zuen prentsaurrekoan atzerapen horren zergatiaz galdetu ziotenenan.



«Mezu politikoa bada, baina modu artistikoan esanda»

K.A.
BILBO

“Sorminetan” diskoan Xabier Amurizaren pisua handia da. Abestietan Anje Duhalderen ideiak daude, nola ez, baina esateko moduek Amurizaren marka daramate. Ez dugu topatuko, adibidez, mezu politiko zuzenik. «Hemen gehienok badakizue ni nire herriarekiko eta euskal kulturareriko kantari konprometitua naizela, baina disko honetan ez duzue aurkituko ‘Amnistiaren dema’-ren bis bat. Hori eginda dago, eta ez dut zertan errepikatu. Baina disko honetan ere mezu politikoa dago, dudarik gabe; kontua da lerro arten dagoela», jakinarazi zuen.

Amurizak baieztatu zituen hitz horiek. «Bai, mezu politikoa badago, baina ez mitin baten moduan esanda ­nabarmendu zuen bertsolariak­. Gauza horiek modu artistikoan esan behar genituen. Letra horien estiloa ez da amerikarra, ez da frantsesa, ez eta unibertsala ere; hemengoa da eta ona baldin bada, unibertsal bihurtuko da». Izan ere, Amurizaren ustez, abestien hitzek «indarra izan behar dute» beti. «Ni bertsolaria naiz, baina nik badakit bertsolaritza genero bat dela eta abesti hitzak beste ezberdin bat dela. Kanta batek sonoritatea izan behar du eta, batez ere, indarra, bai gai dramatikoan, bai gai sentimentalean edo lirikoan ere. Mezua esateko modua ia mezua bezain inportantea da». Beraz, Duhalderen ideiarekin bat etortzen dela aprobetxatuz, Amuriza «testu literario on» baten bila ibili da. «Nik hasieratik galdetu diot Anjeri: ‘Zuk zer esan nahi duzu hemen?’ Orduan, idei hori hartu eta idazten jarri naiz», azaldu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Se resiste un triunfo que estuvo cerca
Ekonomia
Fallece un transportista navarro y una explosión en la ACB hiere a cuatro obreros
Mundua
Israel paraliza la liberación de secuestrados y detiene otra vez a más cuadros de Hamas
Kultura
Amurizaren hitzez osatutako kanta berriekin dator Anje Duhalde «Sorminetan» lanean
Euskal Herria
Batasuna recalca que la clave para el desbloqueo es la mesa política
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss