DONOSTIA
Haurtzaro ikastolak urriaren 1ean Oiartzunen egingo diren Kilometroak iragarriz jaialdi handia antolatu du larunbat honetarako Elorsoro kiroldegian. Txistulariekin, dantzariekin eta musikariekin hasiko da «pregoi» moduan aurkeztu duten emanaldia 20.30ean, eta ordu eta laurden inguru iraungo du.Oholtza gainean 150 bat lagun bilduko dira Aitor Arozena txistulari oiartzuarraren zuzendaritzapean. Gehienak oiartzuarrak izango dira, baina tartean izango dira Euskal Herriko txoko askotatik etorritako kideak ere.
Euskal Herri osoko herri musika oinarritzat harturik prestatu dute emanaldia. “Txistulariek jarriko dute ikuskizunaren haria, baina dantzarien eta abeslarien laguntza ere izango dugu», eman du aditzera Aitor Arozenak.
Lartaungo Txistulariak, Lartaun Abesbatza, Andra Mari abesbatza, Erlaitz metal taldea, Haurtzaro Dantza Taldea, Haurtzaro ikastolako bertsolariak, Maria Mendizabal sopranoa, Jon Bergaretxe abeslaria eta Joxe Mari Arbelaitz baritonoa.
Orain hamalau urte Kilometroak Oiartzunen egin zirenean, txistularien pregoia egin zen. «Oso ederra eta arrakastatsua izan zen», ekarri du gogora Aitor Arozenak, orduan ere berak zuzendu baitzuen ekitaldia. Orduan bezalaxe oraingoan ere sarrera doan izango da.