Kolonbiako gatazka dantza garaikidea eta antzerkiaren bidez adierazia
Erbestea: nazioartean hainbat herritan dagoen errealitatea Kolonbiaren bidez azaldu nahi izan du Tino Fernandezek «La mirada del avestruz» ikusgarrian. Gaur, Maitaldiaren karietan Biarrizko Kasinoan emanen dute. Dantza eta antzerkia elkartzen ditu obrak, eta emozioari leku guztia utzi nahi izan dio artistak. Obra 2002an sortu zuen.
BIARRITZ
Bederatzi dantzari eta erbestea bizitzeko
bederatzi era azaldu nahi izan ditu Tino Fernandez koreografoak “La mirada del
avestruz” 2002. urtean egindako obran. Antzerkian oinarrituta, koreografoak
Kolonbiako gatazkaren ondorioz erbestea bizitzera behartuak izan diren herritar
horien sufrimendua taula gainean jarri nahi izan du hala.
«Bogota hirian gatazka zuzenean bizitzen ez badugu ere,
bere ondorioak dauzkagu. Orotara, zortzi milioi bizilagun erbesteratzera
behartuak izan dira. Baserri guneetatik hirira abiatu dira, eta, horrek eragin
handia izan du beren izaeran, sorterria uztean nortasuna bera galtzen baita»,
argitu zuen Fernandezek.
Artista gisa, bere obran, gatazka horrek sortzen dituen
sufrimenduek eragin azkarra daukatela onartu zuen: «Zure inguramenak eragina
dauka sorkuntza bat egiten duzularik. Maitasuna, banantzea edo beste edozein gai
aipatzerakoan, beti, zuzenean ukitzen zaituen atmosferan kokatzen duzu obra.
Kolonbia nire lan guztietan aipatzen dut». Gatazkatik kanpo, nazioartean hainbat
herritarrek bizi duten errealitatea ere mahai gainean jarri du artistak.
Gaurkotasuna
Obra 2002an egina bada ere, oraindik ere gaurkotasun
handia daukala nabarmendu zuen Fernandezek, eta, hainbat herritan azaldu
ondoren, sufrimendu hori munduko herritar anitzek bizi dutela ikusi du. «Urteak
aurrera joan dira eta egoerak berdin jarraitzen du, baina, ez Kolonbian
bakarrik. Dantzaren bidez horrelako gai minberatsuak aipatuz emozio handia
pasarazten da», gaineratu zuen.
Dantza garaikidea eta antzerki jokoa elkartuko dira
gau honetan herriko Kasinoan L’Explose konpainiak emanen duen ikusgarrian.
Horrenbestez, gaiaren gainetik, Latinoamerikako dantzaren berezitasuna
nabarmendu zuen Fernandezek: «Kolonbian gatazka izan arren, sorkuntza asko dago;
horrek ematen dio berrikuntza».
|