Kantautoreen historia aztertzen duen liburu bat argitaratu dute
DONOSTIA
Autor Fundazioak argitaratu du Estatu espainolean izandako kantautoreen historia errepasatzen duen liburua. Argitalpenak “...Y la palabra se hizo música” izenburua du, Fernando Gonzalez Lucinik idatzi du, eta orain egun batzuk aurkeztu zuten Donostian.
Bi aletan banatua, “...Y la palabra se hizo música” liburuak olerkia musikaren bidez kaleratu zuten egile eta taldeen historia errepasatzen du. Abiapuntua 1956. urtean jarri du Lucinik, Parisen erbesteratua zen Paco Ibañezek gitarra hartu eta Luis de Gongoraren poema bat musikatu zuenean. Urte bat lehenago, Blas de Oteroren “Pido la paz y la palabra” eta Gabriel Celayaren “Cantos iberos” liburuak argitaratu ziren. Paco Ibañez lehenengo, eta Raimon, geroago, olerki horiek musikatzen hasi ziren. «Orduantxe jaio zen kantautorea».
Hortik aurrera, Lucinik 1.000 orrialdetan 50 urteko historia berrikusi du; protagonistak elkarrizketatu eta biografiak, olerkiak eta diskoak aipatu ditu.
Egileak euskal kantagintza berria ere aztertu du. Michel Labeguerie, Julen Lekuona, Mikel Laboa edo Benito Lertxundi aztertu ditu, besteak beste. Luciniren ustez, kantautorea frankismoaren amaierarekin erlazionatu da beti, baina egia esan, beti egon izan da, eta oraindik ere jarduten du. Lucinik gaineratu zuen Euskal Herrian «tradizio handia» egon dela herri musikan, eta hori belaunalditik belaunaldira pasatu dela. «Euskal kantagintza berria ere tradizio horretan inspiratu zen, baina aberastasun musikal bat eta erreibindikazio politikoak gaineratuta».
|