DONOSTIA
Etxerat-ek larunbat arratsaldean eginiko deialdiarekin bat eginez, 6.300 bat lagun atera ziren atzo kalera Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Baionan lelo berberarekin: «Bizirik eta etxean behar ditugu orain!».Manifestazio horietara deitzeko eginiko agerraldian, Estanis Etxaburuk euskal preso politikoen egoera «ezin larriagoa» dela esan zuen. Gobernu frantsesak eta espainolak «salbuespen neurri bortitzak» ezartzen dituztela salatu, eta adibide ugari mahai gaineratu zituen.
Hala, estatuen «politika hiltzailea» bukatzeko eragileen, eta, oro har, euskal gizarte osoaren lana beharrezkoa dela adierazi zuen, eta aipaturiko bost hiriburuetan antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Etxaburuk.
Aldez aurretik, Baltasar Garzonek Askatasunak larunbaterako deitutako manifestazioak debekatu zituen, eta Lakuako Barne Sailak senide eta abokatuek eginiko bigarren deialdiak debekatu zituen EAEn.
Oztopoak oztopo, amnistiaren eta presoak herriratzearen aldeko aldarrikapenak ozen baino ozenago entzun ziren atzo.
Baionan, 300 pertsona inguruk elkarretaratzea egin zuten ordu erdiz San Andres plazan eguerdian, eta, ondoren, manifestazioan abiatu ziren. Senideen izenean, Puerto de Santamarian espetxeraturik dagoen Arkaitz Saezen arrebak hitza hartu zuen, «kartzela politika kriminala» salatzeko.
Donostian, bien bitartean, Artzain Onaren katedralaren inguruak betetzen joan ziren pixkanaka. 12.30 aldera abiatu ziren Easo plazarantz «presoak kalera, amnistia osoa» eta «Iñaki askatu» eskatuz. Aurretik, Ertzaintzaren bost furgoi zihoazen. Kale nagusiak zeharkatu ostean, Bulebarrean bukatu zuten manifestazioa. Ekitaldiaren amaieran, senitarteko batek irrintzi ozen bat oparitu zien euskal preso eta iheslari politikoei. Bertan bilduta zeuden 2.000 lagunek txalo zaparrada batekin erantzun zioten.
Manifestarien artean zenbait aurpegi ezagun ageri ziren, hala nola, Nekane Erauskin, Joseba Alvarez, Eusebio Lasa, Rufi Etxeberria edota Imanol Iparragirre, Amaia Almirall, Juan Mari Olano eta Joxean Agirre.
Gasteizen, mila lagunek sakabanaketa eta haren ondorioak salatu eta euskal presoen herriratzea eskatu zuten Andre Mari Zuriaren plazan hasi eta bukatu zen manifestazioan.
Zortzi polizia furgoi
Iruñean beste mila lagun izan ziren Autobus Geltokitik Foru Monumenturaino manifestazioa egin zutenak, presoen senideek eramandako pankartaren atzetik. Ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenagotik Polizia espainolaren zortzi furgoi zeuden abiapuntuan, eta horrek zalantza batzuk eragin zituen. Pankarta zabaldu bezain laster, poliziaburua Etxerat-eko ordezkariengana hurbildu zen, eta orduan inoiz baino ozenago entzun ziren ‘‘Euskal presoak etxera’’ oihuak. Hala ere, ibilbidea seinalatzera baizik ez zen hurbildu Polizia, kasu horretan.
Furgoiak aurrean zirela, bideari ekin zioten manifestariek. Bianako Printzearen enparantza inguratu ondoren, San Inazio, Nafarroako Gorteak, Yanguas y Miranda kaleetatik pasatu eta Sarasate Pasealekuaren erditik sartu ziren.
Urgentziazko deialdia zelako, eta Iruñeko Udalaren axolagabekeriagatik, udaltzainik ez zen izan ibilbidean, eta horrek arazo batzuk sortu zituen hasieran, auto gidari batekin. Azkenik, Foru Monumentuaren azpian Etxerat-eko Hilargi Jaunarenak hartu zuen hitza.
Bidean ohi baino indar handiagoz entzun ziren errepresaliatuen aldeko oihuak. «Euskal presoak etxera» zioenarekin batera, «Iñaki de Juana herria zurekin» askotan entzun zen, bai eta «Presoak kalera, amnistia osoa» ere.
Txalo beroen artean hasi zen Bilboko manifestazioa; aurretik Ertzaintzaren bi furgoi zihoazen. «Bizirik eta etxean behar ditugu orain» zioen pankartaren atzetik, besteak beste, Estanis Etxaburu Etxerat-eko bozeramailea eta espetxean hilik agertu zen Igor Anguloren senideak izan ziren. Atzean, 2.000 lagun inguruk babesa adierazi zioten euskal preso politiko eta iheslariei.
Horien artean, besteak beste, Gurasoak elkarteko Txusa Etxeandia, Arantza Zulueta abokatua, Joana Regeiro eta Olatz Dañobeitia mahaikidea Karmelo Landa edota Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa izan ziren.
Kale Nagusia zeharkatu ostean, Arriaga plazan, Agurtzane Alkaldek eta Iñaki Retak irakurri zuten Etxerat-eko manifestua txalo artean.