Zuhurragoa zela uste nuen. Ratzingerri diodan sinpatia titare batean kabitu da beti, baina bere balio intelektuala benetan aintzakotzat hartzen nuen. Erlijio kontuetan ni baino askoz jantziagoak diren lagunek goresten zidatelako bere jakituria, harekin ni bezain ezados egon arren gehienetan. Eta neuk irakurri dizkiodan bakanetan irudipen horixe berresten nuelako. Ez naiz orain beste puntara joango, baina Ratisbonako hitzaldiak apalarazi egiten dit errespetu intelektual hori ere.
Ez dakit zer dela eta sartu den Benedikto XVI.a fede erlijiosoa eta gizakiaren arrazoiaren arteko harremanaren gaia jorratzeko, Islamaren jihada, indar bidezko erlijio hedapena eta konbertsio derrigortuen sasi horretan. Berak jakingo al du. Baina zur eta lur utzi nau horretarako erabili duen adibideak: Manuel II.a bizantziar enperadoreak halako jakintsu pertsiar batekin izaniko eztabaida, 1391n edo, bi erlijioen ikuspegi ezberdinezŠ
Utz dezagun bazterrean Ratzingerrek hitz artean ereiten duena, edo behintzat historia ezagutzen ez duenari sinesten uzten diona, alegia, filosofia grekoaren ondorioz edo, erlijio ezberdinen paradisu librea zela Bizantziar Inperioa, eta, aldiz, Islamaren eraginagatik edo, fede derrigortuaren erresuma zela otomandar Inperioa. Izatekotan, alderantziz litzatekeela ondotxo daki Be- nedikto XVI.ak. BainaŠ nola ez du izugarrizko turruna entzun bere garun jantzi horren barnean hau guztiau 1391n gertatuko zela idazten zuen bitartean?
Konbertsio derrigortuen historian funtsezkoa baita, bai, 1391. urtea. Baina ez Baiezid sultanaren gortean gerta zitekeen elkarrizketa horregatikŠ baizik Espainian, Gaztelako erresuman oso bereziki, jazo ziren juduen aurkako progrom izugarriengatik: Sevilla, Cordoba, Andujar, Toledo, MadrilŠ Milaka hil zituzten; eta bizirik geratu ziren guztiak derrigorrean kristautuak izan ziren. Kristau berri edo «marranoen» sorburua izan zen hura. Ferran Martinez apaiz katolikoaren predikuetatik sutu zen genozidioaŠ Ratzingerrek ondotxo jakingo duenez. Zer aukera bikaina autokritika konplitua egiteko!
Ziur nago Ben Zion Netanyahu, egungo politiko israeldar babo horren aita, bizi balitz ez zela isilik geratuko Benedikto XVI.aren iskin honen aurrean. Beste gauza askoren artean, Netanyahu zaharra izan zelako gertaera lazgarri haren ikertzaile saiatuena. -