BILBO
Kale erasoak izan ziren atzo eta larunbat gauean zenbait herritan. Barakaldon La Paz auzoan geldirik zegoen autobus bati su eman zioten atzo, 18.00ak aldera. Une horretan, Bizkaibuseko autobusa geldirik zegoen, bidaiaririk gabe. Ezezagun batzuek gidariari jaisteko esan eta likido sukoia bota zuten barrura, Ertzaintzaren iturriek nabarmendu zutenaren arabera. Autobusa guztiz erreta geratu zen eta ondoan aparkatuta zeuden zazpi autok ere kalteak izan zituzten.
Larunbatean, 23.00ak aldera, Euskotreneko bagoi bati su eman zioten Bilboko Deustuko tren geltokian molotov koktelen bidez, Lakuako Barne Sailak jakinarazi zuenez. Ezezagun batek hedabide honi eginiko deian ekintza hori bere gain hartu z eta Iñaki de Juanaren egoera eta «bizi osorako kartzela zigorrak» salatzeko zela esan zuen.
Gaueko 23.20 aldera, Caja Vitaleko kutxazain bati eraso egin zioten Gasteizko Portal de Arriaga kalean koktel bidez, iturri berak esandakoaren arabera. Erabili ezinik geratu zen.
Bestalde, 2.30ak aldera, kale erasoa izan zen Tafallako Epaitegiaren kontra. Sei molotov koktelekin egin zuten sabotajea, Nafarroako Gobernu espainolaren delegazioak azaldu zuenez, eta eraikinaren aurrealdea kaltetu zuten.
Ordezkari politikoek gertatutakoa gaitzetsi zuten, eta Batasunari ohiko mezuak helarazi zizkieten. Ekintzak geldiarazteko exijitu zion Txarli Prieto PSEko Arabako buruak. Javier Rojok, berriz, «ETAren ahultasuna» agerian uzten dutela ziurtatu zuen.
EAJko Iñigo Urkulluk erasoak desagertzeko «adierazpenetan pauso gehiago emateko» eskatu zion Batasunari.
EAEko Gobernu espainoleko ordezkari Paulino Luesmak ekintzak «gaitzesteko eta bide politikoaren hautua egiteko» exijitu zion ezker abertzaleari, eta legea aplikatzeko eskatu zuen, PPk bezalaxe.