IRUÑEA
Nekazari bat hil zen atzo goizean Arguedasen bere traktoreak harrapatuta. Nafarroako Gobernuak jakinarazitakoaren arabera, istripuaren deia jaso ondoren Foruzaingoa, suhiltzaileak eta anbulantzia medikalizatu bat lan heriotza izandako lekura bertaratu ziren.Nabarmentzekoa da herenegun beste langile bat hil zela Lesakan, Iruñeko Arrotxapea auzoko 51 urteko Javier Marturet, hain zuzen ere. Era berean, Barakaldoko Fibras y Elastomeros enpresako langile bat 54 urteko M.R. larri zauritu zen egun berean, makina batek harrapatuta. Nafarroan aste honetan izandako azken bi lan heriotzak kontuan hartuta, GARAk bildutako datuen arabera, gutxienez 71 pertsona hil dira aurten lan istripuz.
Batasunak «muga guztiak gainditu» direla salatu zuen prentsa ohar baten bitartez. Ezker abertzaleak adierazi zuen «zerrenda amaitezin honi ‘stop’ esateko eta neurriak berehala hartzeko» garaia heldu dela. «Marka guztiak gainditu dira, bi egunetik behin langile bat hiltzen ari delako. Datua benetan kezkagarria eta lotsagarria da. Hildakoez gain, larri zauritu direnen kopuruak ere larriki gora egin du», nabarmendu zuen Batasunak.
Iruñeko eta Gasteizko gobernuek istripu horietan ardura handia dutela aipatu zuen. «Hilketa hauen arduradun nagusiak dira. Izan ere, egunero langile bat hiltzen ari dela jakin arren, ez baitute urratsik ematen», kritikatu zuen.
Patronalaren aurkako hitzak ere izan zituen, baita Hego Euskal Herriko gobernuburuen kontrakoak ere. «Sanzek eta Ibarretxek patronal hiltzailea babesten dute. Zer gertatuko litzateke hildakoak, langileak izan beharrean, enpresaburuak balira?», galdetu zuen, eta gizartean lan istripuetan langileak hiltzea «ohikotzat» hartu dela esan zuen.
Elkarretaratzeetara deitu dute
Iruñerriko ezker abertzaleak elkarretaratze batera deitu du gaurko, Lesakako heriotza salatzeko. Nafarroako Enpresaburuen Konfederakundeko egoitzaren aurrean izango da, 18.00etan. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egingo dute, 12.00etan, Lesakako industriagunean. Atzo, 100 pertsona bildu ziren Errotxapean.