GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-09-22
Enrike Letona - Hizkuntza teknikaria eta preso ohia
Iñakiren egoerari buruz bi hitz

Folio zuriaren aurrean jarri eta boligrafoak idazteari uko egin dio. Greban jarri nahi izan du, tinta greban Iñakirekin elkartasunez. Orduan azaldu behar izan diot elkartasuna adierazteko aurkakoa egin behar duela, tinta guztia gastatu behar duela maitasuna, berotasuna, babesa eta elkartasuna helarazteko. Nolabait, une hauetan hizkiak izan daitezkeelako bere elikadura, berogailu eta atseden bakarra.

Iñakik gose grebei buruzko esperientzia handia du, asko egitera behartu dutelako. Izan ere, gose grebak, borroka tresna gisa, ez dira aukeratzen, egitera behartzen zaituzte. Esperientziagatik ez dakit nola egongo den, inoiz ez baitut egin hain luzea. Iñaki, buruz, gogor ibiliko da, baina inolako zalantzarik gabe asko sufritzeaz gain, bere gorputza izugarrizko jipoia jasaten ari da. Bestalde, ezin dugu ahaztu horrelakoek lehenago edo geroago faktura pasatzen dutela.

Espetxean neurri handi batean jatorduek banatzen dute eguna eta horiek kenduta eguna luze joaten da, oso luze. Hiru ordu erditxo horien garrantziaz gose greban zaudenean konturatzen zara.

Elikadura ez duzunean sartzen, gorputzak berak martxan jartzen ditu bere mekanismoak dagoen tokitik hartzen hasteko eta, oro har, mugimendu guztiak geldotuz doaz. Ondorioz, kirolik ezin duzu egin, kontzentratzeko arazoak dituzu eta gorputz guztia desorekatu egiten da. Batzuek sua izaten dute sabelean gau eta egun, beste batzuek burukomin gogorrak, lorik ere ez duzu ganoraz egiten eta kontzentrazio gaitasuna neurri handi batean galdu egiten duzu. Egun guztia gora begira egoteko, egun guztia pentsatzekoŠ Egunak ez dira amaitzen eta behin ilundu ondoren egunsentiari kostatzen zaio agertzea. Egun bat: 24 ordu, 1.440 minutu, 86.400 segundo. Bat, bi, hiru, lau, bost... eta 86.400 kontatzen amaitu ondoren, hasi berriz. 45 aldiz kontatu ditu segundoak.

Gorputza hozten hasten da eta, Algecirasen bero egingo duen arren, Iñaki hotzikarekin egongo da aspaldi. Gure gutunek eta animoek berotzen ahal dute pixka bat; ez dagoela bakarrik badaki, baina une batzuetan hori sentitzea funtsezkoa da, sentiarazi diezaiogun herri bat duela atzetik.

Sarri hain gustura edaten dugun urari ere nazka hartzen diozu. Gorputza gehiago hozten dizu eta gorakadak hasten dira behin, birritan, askotan... Eta hala eta guztiz ere, edan egin behar bizirik egoteko. Zutitzerakoan ere kontuz ibili behar duzu konorterik gabe lurrean, porlanaren kontra, amaitu ez baduzu nahi.

Iñaki hori guztia jasaten ari da, edo txarrago oraindik, baina okerrena oraindik ez dela iritsi iruditzen zait. Jasotzen ditudan berriek garbi erakusten didate muturreraino joateko asmoa duela. Iñakik ez du nahi hil, baina Iñakik ez du espetxean usteldu nahi. Iñakik orain dela bi urte amaitu zuen Audientzia bereziak ezarritako zigorra. Trikimailu batzuk erabiliz, aurretik emandako erredentzioak kentzen saiatu ziren eta zati bat kentzea ere lortu zuten, espetxe zigorra luzatuz, espetxean nola mantentzen ahal zuten pentsatzen zuten bitartean. Eta ez ahaztu hau ministro batek esandakoa dela. Azkenean, prentsan idatzi zituen bi artikulu erabili zituzten 94 urteko espetxe zigorra eskatzeko.

Badakit barregarria ematen duela, baina Iñakik trikimailu hau dela-eta bi urte daramatza espetxean, eta bizi guztirako espetxe zigorra ezarri nahi diote. Ulertzekoa da Iñakiri pazientzia amaitzea eta azkenean borrokan hastea bere bizia arriskuan jarriz.

Iñakik muturreraino joango dela esan zuen. Ezagutzen dut eta sinesten diot. Gobernuak zaintza epailearen bidez garbi esan zuen bere bizia arriskuan ikusten zuenean, indarrez elikatuko zutela. Eta lerro hauek idazten ari naizela jakin dut indarrez elikatu dutela. Iñakiren orain arteko pairamendua handia izanda ere, ez dakit zenbatengatik biderkatuko den sueroa sartzen hasi ondoren. Berreskuratzerakoan berriz ere zunda kentzeko eta ahulegi geldituko denean berriz ere indarrean jartzeko. Ezer gutxi dakigu, baina badakigu etsaiaren eskuetan dagoela eta badakigu jakin etsaia ankerra dela eta ez duela inolako eskrupulurik.

Orain dela urte batzuk gose greba luzea egin zuten GRAPOkoek, eta badakigu kasu gehienetan ondorio larriak baino larriagoak izan zituztela: heriotza, maila desberdinetako elbarritasunak eta beste motatako ondorio larriak. Lagun hauen ahotik entzundakoak hotzikarak sortzen zizkigun atzera eta aurrera patioan paseatzen ari ginela.

Iñakiren gorputz mardula hezur eta azal, azal eta hezur. Eta denbora aurrera doa. Une batetik aurrera ez dakit zer gertatuko den eta pentsatze hutsak urduri jartzeaz gain, amorru bizian jartzen nau. Nik nire jarleku erosotik hori sentitzen badut, zer sentituko du Iñakik! Hil ala biziko borroka darama aurrera Iñakik eta Herio maiz jartzen zaio alboan irribarretsu.

Oraindik gutunak jasotzen ditu, baina GARA egunkaria, adibidez, ez diote ematen. Gu geu izan gaitezen bere GARA, informatuz, eta bere «garra», berotasuna eta elkartasuna helaraziz. Eta ez dezagun aukerarik galdu Estatu espainoleko Gobernuaren jarrera salatzeko edonoiz eta edonon. Denon esku dago Iñaki laguntzea eta babestea, gure haserrea eta elkartasuna kalean agertuz, antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartuz.

Besarkada indartsu bat Iñaki! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
«Llenar el saco de los rehenes»
Jendartea
Araba exige al PSOE que cumpla su promesa de cerrar Garoña
Euskal Herria
«Tememos que nos vuelvan a usar como conejillos de indias»
Euskal Herria
18/98k elkartasun jaialdi erraldoia darama BECera
Ekonomia
Acuerdo de ELA, LAB, CCOO y UGT con Lakua para impulsar el euskara en el mundo laboral
Ekonomia
Nekazari bat hil da Arguedasen bere traktorea gainera erorita
Mundua
Thailandiako Armadak jarduera politiko guztiak debekatu eta zentsura ezarri du
Kultura
Egungo esklabotzari buruzko filma, errealitatea eta fikzioa bat eginda
Euskal Herria
«Todas las medidas que han tomado han sido violentando mi voluntad»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss