Xamarrek «gure historia euskararen bidez» azaldu du azken liburuan
Bost urteren ostean, Juan Carlos Etxegoien «Xamar»ek beste argitalpen bat du kalean: «Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza». Pamielaren eta Zenbat Gararen eskutik ateratako liburuan, euskaldunon historia kontatu nahi izan du euskara baliatuta. Era berean, euskara inoiz ez dela estatikoa izan azaldu du lanean.
IRUŃEA
«Hizkuntzaren baitan murgilduta, gure historia euskararen bidez» azaldu du Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek azken liburuan; “Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” lanean, hain zuzen. Hori baieztatu zuen, behintzat, aurkezpenean Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarayk. Atzo, hitz goxoak izan ziren guztiak Xamarrentzat, eta argitalpenean parte hartu duen Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok ere ildo horri jarraitu zion:«Euskaldunon sustraiak ezagutarazteaz arduratzen den maisua da». Idazlearen aurreko bi lan ere aipatu zituen: “Orhipean” eta “Orekan”. Liburuaren nondik norakoak azaltzeko, Mattin Irigoien idazleak hartu zuen hitza, egilearen beraren aurretik aitzinsolasa idatzi duenak. «Orri eta erdian, nik 300 bat orrialdetan agertutakoa modu ezin hobean agertu du», adierazi zuen Xamarrek umoretsu. «Euskara jendea bera dela dio Xamarrek, eta ni ados nago», esan zuenIrigoienek. Aitzinsolasaren egileak azaldu zuen gure euskalduntasuna estatikoa dela uste izan dela, baina dinamikoa da eta aldaketak izan ditu. Izan ere, Xamarrek topikoak hautsi nahi izan ditu lanean. «Beti esan izan da herri bakartua izan garela, eta horregatik iraun duela euskarak. Baina hori ez da horrela; Pirinio erdialdean bai beharbada, baina ez hemen. Hemendik herrialde guztiak igaro dira, eta bizirik iraun badu, gure identitateari heldu diogulako izan da, aldaketekin batera moldatzen joan garelako, ez garelako estatikoak izan», azaldu zuen. Lanak bost ildo nagusi ditu:«Gertakizun historikoak, eta paraleloki hauen ondorioak, elebitasuna esaterako; Irunberrin XVII. mendean euskara hitz egiten zela eta horren lekukotasuna; garaian garaiko idazleek kontaturikoa, eta egoera zein den ikusteko xehetasun batzuk eman ditut; eta garaian garaiko bisitariek gutaz kontatutakoa, azkenik», azaldu zuen idazleak berak.
|