- Harri-zulatzaileak
Jaizubiak orain arte erakutsitakoa berretsi behar du
DONOSTIA
Euskal Herriko Binakako Txapelketako finala jokatuko dute bihar Irunen, Urdanibia plazan, 17.30ean. Bertarako, honako zortzi talde hauek lortu dute txartela: Jaizubia A, Jaizubia B, Galdames A, Galdames B, Trapagaran, Txoriherri, Gallarta eta Ortuella. Horiek izango dira txapelaren lehian arituko diren taldeak, beraz.
Jaizubia A izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Hondarribiakoak jaun eta jabe izan dira taldekako Euskal Herriko Ligan, eta orain etxean ez dute hutsik egin nahiko. Isuzkiza eta Andueza izango dira talde horretako bi zulatzaileak. Galdames A izango da aurkaririk gogorrena; horrela uste dute, behintzat, adituek. Garcia I.a eta Lotina izango dira talde horretako ordezkariak.
Hala ere, oso kontuan hartu beharreko beste biko bat ere izango da biharko finalean, eta horiek Trapagarangoak dira. Fertxi Garcia eta San Jose plazaratuko ditu, eta bi zulatzaile handi izateaz gain, eskarmentu handia dute. Dena dela, Trapagarani uste zen baino askoz ere ahulago ikusi zaio EuskalHerriko Ligan. Aurreko urteetako txapeldunak ziren, eta aurtengoa irabazteko ere faborito nagusiak ziren, baina aurreko urteetan erakutsitako mailatik oso aparte ibili dira, eta orain Binakakorako inor gutxik hartzen ditu kontuan. Hala ere, adi ibili beharko da.
Beste taldeak
Gainerako bost taldeak ere ahaleginduko dira lan ederra egiten. Jendeak Jaizubia B taldea ere ikusi nahiko du. Berridi Euskal Herriko Ligan aritu den taldean zen, eta berarekin Lizarribar arituko da. Doi-doi lortu zuten finalean izateko txartela, baina orain helburua lehenengo bost postuetan amaitzea izango da. Galdamesek ere bigarren talde bat izango du Irungo finalean, eta horko zulatzaileak Garcia II.a eta Garcia III.a izango dira.
Ortuellako ordezkariak ere izango dira, eta Heboso eta Pueyo ahaleginduko dira ahalik eta posturik onena lortzen. De la Vega eta Gutierrez, berriz, Gallartako zulatzaileak izango dira, eta Aurrekoetxea eta De la Concepcion, Txoriherrikoak.
Sarrera ordaindu beharrik ez da izango, eta sekulako jendetza iragartzen da. Inguruko zaleez gain, Bizkaitik asko datozela adierazi baitute.
|