DONOSTIA
Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko dute etzi, Uharte- Iruñean, Toki Alai pilotalekuan, 17.30ean hasita.
Honako sei aizkolari hauek izango dira Uharte-Iruñeko pilotalekuan: Otaño, Etxebeste, Senosiain II.a, Lopez, Zubiaga eta Mujika. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Finaleko estreinako lehen bi postuetan amaitzen duten aizkolariek datorren urtean Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratuko dute.
Unai Otaño: Ibarrakoa da txapela janzteko faborito nagusia. Gipuzkoarrak alde nabarmena kendu zien gainerakoei kanporaketan, eta daraman urtea ikusita, denen ahotan dabil bere izena. Aurten, Gipuzkoako Bigarren Mailakoa ere bereganatu du, eta orain Euskal Herrikoan ere gauza bera egingo balu, sekulako urtea izango litzateke beretzat. Gainera, Lasa lagun zuela Olasagastiri apustua ere irabazi dio.
Joxe Etxebeste: Eskarmenturik handiena duen aizkolaria da Igeldokoa. Lehen Mailan urte askotan ibili da, eta bere helburu nagusia txapela lortzea edo bestela berriro ere maila nagusira itzultzea izango da. Gauzak ongi joanda, lehen postuetan izan beharko luke.
Aitor Senosiain: Iaz Lehen Maila galdu zuen beste aizkolaria da, eta aurten ere galdutakoa berreskuratzeko asmotan plazaratuko da Olaguekoa. Aizkolari on asko daude, eta mailaz igotzeko bi txartel besterik ez daude. Ahalegina, behintzat, egin egingo du.
Juanjo Lopez: Maila nagusian ibilitako beste aizkolaria da, baina azkeneko urte hauetan espero zen bezalako neurria ez da ematen ari. Dena dela, oso kontuan hartu beharko da nafarra; izan ere, berak ere nahiko baitu gutxienez lehenengo bi postuetan sartu.
Anjel Zubiaga: Arabako txapeldunarentzat sekulakoa izango litzateke lehen bi postuetan amaitzea eta lehen Mailara igotzea, hartara, herrialde horrek lehen aldiz izango bailuke aizkolari bat maila nagusian, baina oso zaila dirudi aurrean dituenak ikusita. Hala ere, berak galtzeko ez dauka ezer, lehenengo helburua finalean izatea baitzen, eta hori bete baitu. Lasaitasun horrekin plazaratuko da, eta ezusteren bat ematen saiatuko da.
Jexuxmari Mujika: Ibarrako herriak final honetan izango duen bigarren aizkolaria da. Iaz Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen, eta aurten maila bat gorago ere finalean sartu da. Horrekin bere helburua beteta dauka, eta Zubiaga bezalaxe, galtzeko ezer ez duela izango da Uharte-Iruñean. Igandeko aurreneko helburua azken postuan ez amaitzea izango da, eta hortik aurrera ezusteren bat emateko ere gai dela erakutsi nahiko du.