Haritz RODRIGUEZ
Ametsak eta kezkak 2.0
Atzo hasi ziren Donostiako Artelekun «EuskalHerria 2.0» izenburupeko jardunaldiak. Hainbat hizlari izan ziren 17.00etan hasi eta20.30 arte. Lehenik, bi hitzaldi. Gero,mahai ingurua. Iritzi arras ezberdinak plazaratuzituzten batzuek eta besteek. Oro har,ordea, kezka oso antzekoak azaldu zituzten.Baita ametsak ere.
Indartsu ekin zion atzo «Euskal Herria 2.0» ekimenak Donostiako Artelekun. Datorren ostegunean izango dute jarraipena jardunaldiok, eta ez zuten hasiera makala izan. Berrogeita hamar lagunetik gora bertaratu zen artea bere barrenean garatzeko aukera eskaintzen duen Loiola auzoko eraikinera. Joseba Kamiok eta Iban Arantzabalek (goiena.net) eskegi zituzten lehenengo iritziak.Oraindik «2.0 kontzeptua» deritzonak zer demontre esan nahi ote duen ez dakitenentzat, doala aurretik azalpen xume bat, hiztegi modura. Labur-labur esanda, 2.0 filosofiak webguneek eta, oro har, Interneten garapenak gaur egun bizi duen bigarren aroaren ezaugarriak laburbiltzen ditu. Berez, sareen sareak izan duen garapenaren gainean egindako hausnarketaren ondorio da. Eta zer ezaugarri dira Internet 1.0 eta 2.0 bereizten duten horiek? Bada, sarean, azken urteotan, erabiltzailearen beraren parte-hartzea ahalbidetzen duten tresnek. Baliteke hasiera batean sarea informazioa jasotzeko egituratua izan zela, edo, behintzat, helburu horrekin erabili izan dela, batik bat. Baina Interneten 2. aroan, «bi puntu zero»aren garaian, erabiltzailea informazioaren «kontsumitzaile izatetik, hedabide izatera igaro da», atzo hausnarketan Arantzabalek esan zuen bezala. Kontzeptua ez bezala, aipatu ditugun tresna horiek askok eta askok ezagutuko dituzte. Komunikatzeko ohiko erreminta bilakatu baitira. Jendeak informazioaren gizartean parte-hartze handiagoa ahalbidetu dutenak. Batzuk aipatuko ditugu: Blogak, ikus-entzunezko materialak sareratzea eta webgune orokor batean nork bere sail berezitua izatea erraztu duten tresnak, RSS jarioak eta abar luze bat. Jar ditzagun adibide argiagoak ere. Flickr, Youtube, Google, Technorati, Blogger... Horien erabileraren egokitasuna edo antzerako tresnak Euskal Herrian bertan eraiki beharraren inguruan eztabaida «sutsua» piztu zen atzo Artelekun. Luistxo Fernandez (sustatu.com eta eibar.org), Gotzon Egia (EIZIE), Arkaitz Zubiaga (zabaldu.com eta Wikipedia), Joseba Makazaga (EHU) aritu ziren lehian, eta Iratxe Esnaola informatika ingeniaria moderatzaile lanetan. Baina beste gauza askoren inguruan ere sortu zuten ika-mikarik. Baita aurkezpen lanak egin zituen Patxi Gaztelumendik ere Arantzabalek gisa horretako tresnak euskaraz lantzen izan duen esperientziaren berri eman zuen. Editore lanetan jardun den bitartean, «2.0 tresnak izan dira erabiltzaileen artean eztabaida gehien sortu dutenak», esan zuen, blogei erreferentzia eginez.Bere aburuz, «lokaletik zer eskaini asko dago globalera». Hitzaldien osteko eztabaidan hainbat hausnarketa plazaratu zituzten, hizlariek baita entzuleek ere, betebeharrak aldatuz une batez. Software askea izan zuten hizpide Zubillagak, Makazagak eta Egiak, eta berau sustatzeko diru laguntzen beharra edo finantzaketa ezaren afera ere hartu zuten ahotan. «Softweare askea eta 2.0 filosofia bat datoz», adierazi zuen Kamiok lehenago. Egiak, berriz, itzultzaileek dituzten zailtasunak azaldu zituen, softwarea lokalizatzerako orduan. Eta software askeak ekonomiari eragiten dion onura ere izan zen aipagai. Esnaola moderatzaileak esana zuen ordurako hizkuntza batek biziraun nahi badu, teknologia berriei heldu behar diela. -
«Jarrera bat da»
H.R.
DONOSTIA Bipuntuzero.org ekimenak antolatu du «Euskal Herria 2.0», eta mintzagai hartutako gaiaren beraren erakusle izan zen eztabaidak Interneten izandako isla. Hitzaldiak hasi eta gutxira, «zurrumurru» zen mintegian hedabide batek eta besteak zenbat leku eman zion ekimenari. GARA.net gunean ez ezik, beste medio batzuetan ere izan zen informaziorik hasi eta gutxira. Hitzaldiak berak zer-nolako «feedback»a eragingo ote duen ere eztabaidatu zuten han. Eta hasiera besterik ez izateko ez da abiapuntu txarra. Joseba Kamiok berak esan zuen legez, «2.0 jarrrera bat da» eta informazio partekatzean oinarritzen da. Are gehiago, hizlariaren hitzetan, «auzi politikoa» baita. «Minoria izaera ontzat eman edo 2.0 izan», «euskaldunen ikusezintasunetik Euskal Herri globala egitea». Horretarako, «baliabideak hobetzea, kudeaketa tresna alternatiboak eta emankorragoak sortzea» izan daiteke bidea. Kultura bat «heriotza zigorraren sententziaren kontzientzia izanez gero, beti gauza berriak sortzera bultzatua baita», Kamioren ustez. Horregatik, jardunaldiok «feedback»a eragingo dutenik ez dago dudarik. Erantzuna, jarioa, atzo hasi zen, bukatu eta gutxira, han elkartu ziren askoren artean.
|