Loren Arkotxa eta Ruben Iglesias - Udalbiltzako lehendakaria eta Euskal Curriculumerako dinamizatzailea
Erein dezagun biharko Euskal Herria
Badira nazio bat egituratzeko orduan, funtsezkoak diren osagaiak; hezkuntza ho- rietako bat da, baina hori baino gehiago ere bada. Hezkuntza nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna da. Belaunaldi berriek osatuko baitute biharko jendartea. Jasotzen duten heziketa nolakoa, biharko jendartea halakoa. Horrela, hezkuntza euskaldunak jendarte euskalduna sortuko du. Hezkuntza askatzaileak, jendarte askea. 2001. urtean Udalbiltzak Euskal Herriko Curriculuma egin beharra zegoela planteatu zuenean, askotarikoak izan ziren entzun genituen iritziak. Esaterako, Euskal Herriarentzako curriculum bateratu baten beharra auzitan jartzen zutenak eta egun oraindik auzitan jartzen dutenak. Horratx, ekainaren amaieran, hilabete batzuk lehenago emandako hitza apurtuz, sektore publikoko Ehige, Bihe eta Sarean erakundeek aurkeztutako proposamen berria, Euskal Herrirako Curriculuma oinarrizko ideiak izenburupean. Nahiz eta publikoki behin baino gehiagotan adierazi Euskal Curriculuma eraikitzeko prozesuarekin oso kritikoak zirela, baina ez zutela Euskal Curriculumaren beharra zalantzan jartzen eta ondorioz, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma oinarrizko txostenari euren ekarpenak eginen zizkiotela, emandako hitza bete ez eta proposamen berri bat jarri dute mahai gainean. Udalbiltzaren iritziz, beste proposamen berri bat egitea eta aurkeztea guztiz zilegia da; aurretik irekitako prozesua kutsatzen eta nahasbidean sartzen baldin badu ere. Hala ere, proposamen berri honek, Euskal Herri luze-zabalerako behar dugun curriculumaren oinarriak ez dituela barneratzen aipatu behar dugu. Euskal Herrirako Curriculumaren oinarrizko ideiak izendapenean aurkeztutako proposamenak EAE du abiapuntu eta helburu. Testu guztian barna egiten diren aipamenak hiru lurraldeak ditu ardatz; ikuspegi autonomikoan sakonduz eta gainon- tzeko lurraldeak modu osagarrian landuz. Udalbiltzak argi du gure herriko curriculumaz ari garenean Sarako, Vianako, Oiongo eta Elorrioko ikastetxe publiko, ikastola zein pribatu batean ikasten ari diren ikasleak marko pedagogiko komun batean heztea duela helburu. Lekuan lekuko berezitasunak kontuan izanik, denok erreferentzia kultural berak partitzen eta partitu behar ditugula, denok euskal kulturan hezteko eskubidea dugula, denok hezkuntza euskalduna jasotzeko eskubidea dugula. Bizi dugun egoera alienatutik irteteko ekarpena izan behar duela, emantzipatzailea behar duela izan. Ondorioz, proposamen berri honek oinarri hauek betetzen ez dituelakoan gaude, Euskal Herria ez duela aintzat hartzen, alegia.
Bost urteko ibilbidea Bost urte igaro dira, orain ia denak mintzo dira Euskal Curriculumaz. Aldekoek nahiz kontrakoek, utopiatzat jotzen zutenek nahiz horren alde egin zutenek. Apurka- apurka, Euskal Curriculuma osatzen joan gara eta bidean eragile berriak gehitu dira. Maldan behera botatzen den elur bola txikia bezala, aurrera egin ahala lodituz joan da Euskal Curriculumaren egitasmoa.
Bost urte hauetan, Udalbiltza bi norabidetan aritu da lanean. Batetik, Euskal Curriculuma sortzeko prozesua martxan jartzen lagundu du, horrelako prozesu batean inor gutxik sinisten zuen garaian. 2003. urteko urtarrilean Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarekin eta Sortzen-Ikasbatuaz eremu publikoko elkartearekin (gure zorionik beroenak prozesu guztian zehar erakusten ari diren borondate eta egiten ari diren lanagatik) sinatutako hitzarmenean, diseinu estrategikoa egin eta abian jarri zen. Hurrengo urratsetan, Kristau Eskolak, EAEko Hezkuntza Saila eta beste hamaika eragile gehitu dira. Eztabaida alderdi politikoetara eta EAEko legebiltzarrera heldu da. Zutabegile eta intelektualek Euskal Curriculuma hizpide hartu dute. Zurrunbilo horren gainetik, hobeto esanda, azpitik, Udalbiltzak lanean jarraitu du egindako diseinu estrategikoa bururaino eramateko. Bestetik, eta diseinu estrategikoaren baitan, Udalbiltzak eztabaida soziala bideratzeko ardura hartu du, guztiz funtsezkoa den eztabaida. Eztabaida soziala izateko asmoz, Udalbiltzak “Euskal Curriculuma. Herritarren Ekarpena” izeneko prozesua jarri zuen martxan 2005eko martxoan. Hamar hilabetez herri eragileekin nahiz norbanakoekin lanean aritu ostean, jasotako ekarpenak 2006ko urtarrilaren 28an aurkeztu zituen Donostiako Kursaal aretoan egindako jardunaldietan. Izan ere, Euskal Curriculumaren oinarrian dagoen galdera honako hau da: Zer-nolako pertsonak hezi nahi ditugu Euskal Herrian? Zer-nolako gizartea irudikatu nahi dugu etorkizunari begira? Horrela, hilabete batzuen bueltan Euskal Curriculuma definituta egonen da. Horretarako prozesu guztian zehar partea hartu duten eragileen eta ikastetxeen onespena jaso beharko du. Hezkuntza komunitatea osatzen duten irakasle, guraso, ikasle eta gainontzeko langileena eta gizarte eragileena ere. Izan ere, Euskal Curriculumaren indarguneetako bat horixe izan baita: partehartzea. Denok izan dugu gure iritzia plazaratzeko eta curriculuma hobetzeko xedearekin ekarpenak egiteko aukera. Horrela, Europako inongo herrietan gertatu ez den fenomenoa gauzatu da gurean, herriak definitu du curriculuma.
Herriak aplikatu beharko du Herriak definitu du curriculuma; herriak aplikatu beharko du. Euskal Curriculuma sortzearekin batera, aplikatzeko estrategia finkatzen hasi behar gara. Gaur egun ez da posible Euskal Curriculuma legez aplikatzea Euskal Herri osoan, ez daukagulako horretarako eskumena izango lukeen hezkuntza ministerio nazionalik. Baina errealitate objektibo horrek ez dio Euskal Curriculumaren aldeko estrategiari atea ixten.
Udalbiltzaren lehentasuna Euskal Curriculuma aplikatzeko nazio estrategia antolatzea da. Nazio estrategia horren helburua honako hau da: Euskal Curriculuma praktikan adostasunak lortu eta baliabideak sortzea, Euskal Herri osoan. Ikastetxe eta irakasle bakoitzak hezkuntza planteamendu propioak garatzeko apustua egin dezake, baldin eta horretarako borondatea baldin badu. Udalbiltzak egiten duen proposamena horixe da hain zuzen ere: ikastetxe bakoitzak Euskal Curriculuma aplikatzeko apustua egin dezan, bere errealitatetik abiatuta eta, beraz, curriculum nazionala bere errealitatera egokituz. Planteamendu hau Euskal Herri osoan garatu daiteke, berdin Leitzan, Senperen edo Orion, nahiz eta tokian toki zailtasun gehiago edo gutxiago egongo den. Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta curriculuma dira horretarako tresna egokienak, horiek baitira ikastetxearen hezkuntza jardueraren erreferentzia. Hortaz, bertan gauzatu behar da Euskal Curriculuma, ikastetxeko errealitatera egokituta. Hala ere, borondatearekin ez da nahikoa. Horrekin batera Euskal Curriculuma aplikatzeko bitartekoak sortu behar dira. Curriculuma aldizka ebaluatu eta berritu, curriculumean sakondu, irakasleen formakuntza bideratu, baliabide pedagogikoak sortu... Dimentsio handi- ko lana da hau eta arlo horretan dabiltzan eragileen adostasuna eta elkarlana bultzatzen duena. Bide horretan, orain arte bezala, elkarlanean eta zintzotasunez lan egiteko konpromisoa berresten du Udalbiltzak. Aplikatu dezagun Euskal Curriculuma. Erein dezagun Euskal Herria. -
|