GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-25
Max von Sydowk malkoak begietan zituela jaso zuen Donostia saria

DONOSTIA

Leonardo Sbaragliaren eskutik jaso zuen Max Von Sydowk Donostia saria. Esker oneko hitzak izan zituen bere ibilbidean aukerak eman dizkioten guztientzat. Bere bizitza zorionekotzat jo zuen, eta izandako aukera guztiak gogora ekarri zituen. Horiek hala, Donostia saria zinema munduan barruan duten talentua erakusteko aukerarik izan ez dutenekin partekatu nahi izan zuen.

Euskaraz hitz egin ahal ez izateagatik barkamena eskatu zuen. Baina eskerrak ere, euskaraz eman zituen.

Zirrarak zintzurrean eragin zion korapiloa askatu ezinik, eta begiak malkoz bustita agurtu zituen Kursaaleko ekitaldira joandako zale guztiak.

Sari banaketa baino ordu batzuk lehenago, aktore suediarrak Ingmar Bergmanekin egindako lana nabarmendu zuen. «Aktore baten ibilbidea eskaintzen zaizkion aukerekin oso baldintzatuta dago. Bergmanek eman dizkit aukerarik gehien, eta gauza asko zor dizkiot». Hollywooden «erlijio ikurra» izateaz hitz egiten jardun zuen, eta horren «errua» ere Bergmani egotzi zion. «Bere hainbat film luzetan erlijioarekin lotutako pertsonaien bizimodua interpretatu behar izan dut. Hollywooden, antzeko papera betetzeko norbait behar zutenean, alor horretan lan egindako aktoreak analizatzen zituzten. Bertan ere, erlijioarekin lotutako paper ugari interpretatu nuen», esan zuen.

Gai berarekin lotutako lanak egiten dituzten aktoreei, ordea, arazo bat ikusten die Max von Sydowk: «Ezin da bizitza osoa igaro gauza bera egiten; lan handia egin behar da alor bakar batean lerrokatu ez zaitzaten». Eta AEBetako zinema produktorerik handienaz hitz egiten jarraituz, gogoan izan zuen Woody Allen zuzendariarekin bizitako garaia. Gizaseme «dibertigarria» dela nabarmendu zuen, nahiz eta hasierako erlazioak nahiko arraroak izan. «Lehenengo grabaketa egunean ezagutu nuen. Ihes egiten zuen nigandik. Izkina batean inguratu behar izan nuen neure burua aurkezteko. Lan metodologiari dagokionez, nahiko sistema arraroa erabiltzen zuen. Ez genuen entsegurik egiten. Lan guztia ordezkoekin egiten zuen, eta ondoren gu hasten ginen».

Erabilerraz bezala definitu zuen aurtengo Donostia sariak bere burua aktore gisa. Hala ere, «zuzendari bakoitzaren burutik pasatzen dena» ulertu behar dela nabarmendu zuen, zineman azken orduko aldaketa ugari gertatu, eta ideia berriak sortzen direlako.

Zuzendaritzari erreparatuz, atzera begiratu eta zuzendari bezala egindako lana gogoratu zuen. «Liburu daniar bat irakurri nuen. Zirraragarria iruditu zitzaidan, eta obra horrekin film polita egin zitekeela pentsatu nuen. Nire lagun zuzendariei ideia eman nahi izan nien baina ez zuten berdin pentsatzen. Produktore batek bere laguntza eskaini zidan, eta zuzendari lanetan hasteko proposatu. Eta hala egin nuen. Benetan bizipen polita da zinema zuzendari izatea. Baina orain ez nuke berriro egingo. Bi edo hiru urtez lanean aritzea eskatzen dizun egitasmo batean parte hartzea oso gogorra da».

Hemendik aurrera dituen helburuez ere mintzo zen. Bere burua nagusitzat hartuta-edo, mundua ezagutzeko ikusmira azaldu zuen. «Gaur egun lan egitean ez dut hainbeste gozatzen. Gazte nintzela denetariko lanetan parte hartzen nuen. Baina orain, mundua ezagutzeko gogoa dut. Lekuak bisitatzeko nahia dut, hizkuntzak ikastekoa...», esan zuen.

Datozen asteetan Estatu frantsesean lanean hasteko asmoa duela adierazi zuen. Bere adineko aktoreentzat «segituan hiltzen diren agureen paperak» besterik ez dagoela argudiatu zuen. Lan horretan, ordea, aitaren rola jokatuko duela esan zuen. «Oso lan polita dela deritzot: hunkigarria eta atsegina. Gogotsu nago lanean hasteko. Etorkizunean aitona baten rolak egiten hastea espero dut».

Ingmar Bergmanen «alter egoak» ez du amore emango.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Max von Sydowk malkoak begietan zituela jaso zuen Donostia saria
Mundua
EEUU pide disculpas a Venezuela por la «lamentable» detención de un ministro
Mundua
Los suizos votan por el endurecimiento de las leyes de asilo y de extranjería
Ekonomia
Hacia la desconvergencia social con Europa
Kirolak
Irrespetuosos con la funesta tradición
Euskal Herria
El PNV se obceca en presentarse a sí mismo como el líder del proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss