«Bide polita» eraikitzen
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako elkarteak bildu ziren atzo Baigorrin. 400 bat lagun zeuden, eta bakoitzak bere trebeziak azaltzeko aukera izan zuen, baita duela bost urte abiatu zuten harremana sakontzeko ere.
Igande arrunt bateko irudia zuen Nafarroa Behereko Baigorri herri txikiak atzo goizean. Karriketan herritar gutxi ikusten zen, eta, eliza edo beste bazterren bat bisitatzen zuten turistez kanpo, pertsona gutxi kaleratu ziren goizean. Ostatu eta saltegien ate eta leiho itxiek basamortu inpresio hori areagotu bazik ez zuten egiten.Hala eta guztiz ere, igandeak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri gehienetan sortzen duen tristura horretan, tradizio hori apurtzera eta kaleak alaitzera bertaratu ziren Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzari eta musikariak zeuden. Okindegira ogi bila edo ibiltzera joan ziren herritarrentzat eta bertatik pasatzen ziren turista galduentzat ustekabea izan zen ikusgarri horrekin topatzea. Batzuek bidea gurutzatu zuten; beste zenbait ikusgarria preziatzera gelditu eta oroitzapen gisa argazkiak hartzen geratu ziren. Apirilaren bukaeran Baigorrin egiten duten Nafarroaren Egunaren irudi txikitu bat ikusteko aukera eman zuten elkarteek. Ikusgarrien egileak hamabietan agertu ziren jantzirik, karriketan kale ibilaldia egiteko. Pixka bat berant zebiltzan, baina hasi orduko, Cascanteko, Tuterako, Arabako, eta Baigorriko gaita-jotzaileen doinuak urrundik entzuten ziren. Eta, kuriositatez hurbiltzen joan ziren herritar horiek Beterri elkarteko zanpantzar bitxiak, Erriberako txistulariak, Usurbilgo buruhaundiak eta albokariak ikusteko aukera izan zuten. Guztiak, Nafarroaren Egunean egiten ohi duten bezala, plaza nagusitik abiatu ziren, eta elizaraino dantzan eta musika jotzen ibili ziren bazter guztiak alaitzen. Ekitaldia elizaren aurreko plazan egin zuten Tuterako elkarteko dantzariekin. Orotara, laurehun bat lagun zeuden bertan, eta gehienak Tuterakoak edo Basaurikoak ziren. Azken horiek ehun eta berrogeita hamar bat lagun elkartu zituzten Baigorrira joateko. Izan ere, igande triste horretan, herriko plaza autobusez bete zuten. Baina bat-bateko jendetza hori agertzeak ez zuen baitezpada lekuko herritarren interesa piztu. Eta, goizean zenbait herritar kaleetan ikusi baziren ere, arratsaldean, herria guztiz hutsa ikusi zuten bertaratu ziren beste sei herrialdeetako herritarrek.
Parte-hartzea zabaldu «Baina herri honetan dena itxita dago edo? Non edan daiteke pote bat?», galdetu zuen Tuterako gizon galdu batek; izan ere, bazkariaren ondotik zintzurra freskatzeko gogoa zuen. «Bai, erantzun zion bertako batek igandea da».Baina ez zuen horrek baitezpada trukatzeko eta ezagutzeko elkarteek zuten xedea trabatu, eta, bazkari ordua alai eta umoretsu igaro zuten. Ordu horretan iritsi zen benetan elkar ezagutzeko tenorea. Zazpi herrialdeetatik joandako elkarteak banan-banan beren burua aurkezten aritu ziren, Baigorriko ikastola berriko gurasoek antolaturiko apairua burutu bezain laster. Batzuek musika zuten lagun, eta beste batzuek antzerkia edo musikariak ekarrarazi zituzten jaiaren giro alaia luzatzeko. Lontxo Zubiria usurbildarrak festaren aurkezpen testuan agertzen zuen: «Espainiera eta frantsesa nagusi diren herri eta jende ezberdinen egoeretatik abiatuta, Euskal Herriaren osotasunean eta euskararen bizi nahian sinesten dugun hainbat jendek elkargune gozoa aurkitu dugu festa honetan». Azken finean, laurehun lagunen arteko bazkari eta jaiegun horretan, urtetik urtera sortuz joan den adiskidetasun hori nabarian jarri zuten, berriz ere, atzo. Baina, girotik at, elkarren artean duela bost urte bultzaturiko “Elkartasuna, etorkizuna” ekimena aipatzeko ordua izan zen hura. Tuterako Beterri, Iruñeko Orreaga, Arabako Añana euskara mingaina, Basauriko Sustraia, Usurbilgo Nafartarrak, Urdiñarbeko Bilxokoa, Ezpeletako Ezpela eta Baigorriko Basaizea zeuden bertan. Basaizeko ordezkariak hartu zuen hitza, eta Usurbilgo elkarteko kideekin kalakan ari zela batek bota zuen esaldia gogorarazi zuen: «Toki guztietan elkar ikusten dugu; ados gara denak anaiak garela esateko, baina ez dugu deus egiten». Hitz horiek atera bezain laster, 2001ean lehen aldiz elkartu ziren. «Lehen edizo horretan bi elkarte baizik ez ginen, eta emeki-emeki zabalduz joan da». Bi elkarte horietatik zazpi herrialdeetako ordezkariak izatera pasatu dira aurten. Geroan zabalduz joatea espero dutela aipatu zuten. Ondotik, bizkaitarrek hartu zuten hitza, eta gutxinaka
handituz doan jai horren garrantzia nabarmendu zuten. «Hainbeste elkarte
ikusita, gure herriaren etorkizuna finkatzeko bide polita izaten ahal da»,
nabarmendu zuten.
Ekintzak gauzatu
Hainbeste elkarlan eta trukaketa aipatzen ari zirela, batzuek, era apalean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera izan zuten. Arabako gaita-jotzaileak taularatzerakoan, Basaizeko danbor-jotzaile baten laguntza behar izan zuten ikusgarria eman ahal izateko.Emanaldia burutu bezain laster, baigorriarrak honakoa esan zuen: «Azken finean, elkarteen arteko elkartasuna laster sortzen da. Egun honen helburua gurutzaketak sustatzea da, beraz, ea noiz abiatzen diren!». Elkar ezagutzetik benetako ekintzetara joateko bide luzea dagoela argi utzi zuten elkarteek atzo. Bestaren bosgarren edizioa ospatu bazuten ere, ondoko urteetan ekitaldi hori zer bilakatuko ote den askoren pentsamenduetan zegoen. Usurbildik abiatu zen ideia hori gauzatuz eta hedatuz joan da, eta Lontxo Zubiriak esan zuenaren arabera, hasieran ekimena abiatu zutenean, helburua Euskal Herriko zazpi herrialdeen artean zerbait mugikorra egitea zen. Usurbilen egin zuten lehen edizioa, eta ondotik, Tuteran, Araban eta Basaurin egin dute. «Ikusiko dugu noraino joaten garen. Urte bukaeran bilduko gara, eta bertan, nola eta nora joaten garen eztabaidatuko dugu», argitu zuen Zubiriak. Halere, jaia ez zen hitz negatibo horietan bukatu. Betiere finkaturiko egitaraua kontuan hartuta berandu, elkarteen adierazpenak agertzen ziren bitartean, eguna amaitzeko antolatua zuten taula gaineko ikusgarriari lekua uzten hasi ziren. Taula bazkaltzeko tokian bertan jarri zuten, eta Fermin Valentzia kantariarekin, Basauriko txistulari eskola, bertsolariak, Usurbilgo txalapartariak eta albokariak, Mendianike dantza taldea, Arrola dantza taldea, eta azkenik, Cascanteko, Tuterako, Arabako eta Baigorriko gaita-jotzaileak aritu ziren. Baigorriko geltoki zaharrean bizitasuna zabaldu zen atzo. -
«Herrialde bakoitzeko bizimoldea ezagutzeko baliatzen dugu eguna»
Leire BIDART
| Basaizea elkarteko lehendakaria
Basaizea elkarteko kideek antolatu dute aurtengo “Elkartasuna, etorkizuna” eguna. Haiek ere egon ziren duela bost urte Usurbilgo Nafartarrak elkarteak ekimen hori bultzatzeko ideia abiatu zuenean. Ekimenaren helburua elkarteek elkar ezagutzea eta ekimenak elkarrekin egitea da, eta Basaizea elkarteko lehendakari Laire Bidartek esan zuen egun horrek elkarte bakoitzak dituen ahalak eta ibilmoldea ezagutzeko parada ematen duela. «Elkartasuna, etorkizuna» egunaren
antolaketari lotu zarete aurten.... Beste elkarteen eskaera izan da; ez dugu berez guk proposatu. Iparraldera etorri nahi zuten berentzat egun horren antolaketan sinbolo bat delako. Guk, Basaizeak, zaila ikusten genuen, urte osoan Kulturaldia eta Nafarroaren Eguna antolatzen lan handia baitugu, eta ez dugu horretarako hainbeste diru laguntzarik. Besta hau egiteko baldintzak finkatu genituen, hau da, autobusen antolaketa eta bazkaria pagaraztea. Onartu egin dute eta horri esker antolatu ahal izan dugu. Herriko Etxeak ez digu inolako laguntzarik eman; alderantziz, gauzak egiteko trabak jarri dizkigu. Zergatik da zuretzat garrantzitsua zazpi
herrialdeetako elkarteak biltzen dituen besta hori egitea? Alde batetik, ongi da zer baldintzatan lan egiten dugun ikusten baitute, bereziki Bizkaitik, Arabatik eta Gipuzkoatik datozenek. Beste herrialdeetan egin diren lehen lau edizioetan autobusa eta egonaldi guztia ordaindua genuen. Baina guk ezin dugu hori egin ez baitugu ahalik horretarako. Herriko Etxeari besta antolatzeko baimena eskatu genionean, herrian ahal bezain gune baztertuenean egiteko aukera eman zigun. Hau da, bazkaria eta arratsaldeko ikusgarria herriko geltoki ohiaren gibelean egitera behartu gintuen. Herritik kanpo dago eta nehork ez gaitu ikusten. Elkarte guztiek ez ditugu ahal berdinak, eta ongi da ikustea nola funtzionatzen dugun bakoitzak. Nafarroarekin lotura handiagoa dugu, gu bezala daudelako haiek. Egun hau antolatu dugu, eta Zuberoatik bost pertsona etorri dira; Basauritik, aldiz, ehun eta berrogeita hamar. Hori da, nolabait, gure gizartearen isla. Zazpi herrialdeetako elkarteak biltzen
dituen besta horren bosgarren edizioa da aurtengoa. Ba al dago elkarren artean
proiekturik garatzeko asmorik? Ez dago, dagoeneko, helburu handirik. Urtearen buruan elkar ezagutzeko aukera izan dugu, baina ez dugu beti harremanak sortu eta jarraitzeko paradarik izan. Elkargune hau urtero antolatzen da, beraz, hitzordu finko bat jarri eta harremanak sakontzeko aukera ematen du. Egun hori, azken finean, elkar ezagutu eta laguntzeko egina dago. Bai eta bereziki bakoitzak bere herrialdean duen bizimoldea ezagutzeko ere. Baina momentuko ez dugu denborarik izan egitasmo berezietan barneratzeko. - A.B.
|