Azoka eta piperra, batera Ibarran
Begiak eta barrenak gozatzeko eguna izango zela adierazia zuten antolatzaileek, eta Ibarrako hitzorduak helburu guztiak bete zituen. Antolatzaileek bisitarien kopurua nabarmendu zuten, baita egunean izan zen giroa ere; «Ibarra, azoka eta piparra» deitu zioten atzoko deialdiari.
Herrian ospe handia duten hitzordu bik bat egin zuten atzo. Hain ezaguna den bertako piperrarekin lotutako jaia abuztuan egiten zuten lehen; eta azoka, berriz, irailaren azken igandean. Orain, deialdi biak egun berean egitea erabaki dute, eta atzo izan zen giroa ikusita, guztiz positibotzat jo zuten antolatzaileek. Euriaren mehatxupean, hiru gune zituen Ibarrako azokak. Idoiaga eta Beko Bide kaleen artekoak Xepla elkarteak antolatu zuen Ibarrako Piperraren II. Lehiaketa Gastronomikoa hartu zuen. Bertan, pintxo eta piperrada lehiaketak izan ziren, eta hamaika bikotek parte hartu zuten. Lehenengoan, Ondarroako Kantabriko elkarteak eraman zuen lehenengo saria; Zubimusu donostiarrak bigarrena lortu zuen eta hirugarrena Ibarrako Xeplakoen eskuetan geratu zen. Piperrada lehiaketari dagokionez, bestalde, lehendabiziko hiru sailkatuak gipuzkoarrak suertatu ziren. Izan ere, Zubimusuk lortu zuen lehenengo saria; Donostiako Marruma elkarteak jaso zuen bigarrena, eta hirugarren postuan Xepla elkartea gelditu zen berriz. Antolatzaileek azaldu zutenez, nazio izaera du lehiaketa horrek, eta lurralde bakoitzak ordezkaria izan dezan, antolakuntzak zazpi lehiakide gonbidatzen ditu. Suen artean, piperrez osatutako pintxoez eta platerez gain, bestelako jakiak erosteko eta dastatzeko aukera izan zen atzo, Ibarran. Marmeladaz, pateaz edota gaztaz gain, gure baserrietan hazitako barazkiak ere izan ziren, baita harrera jendetsua izan zuen talo eta sagardoaren saltokia ere.
80 bat buru
Iraileko azokak izaten ohi zuen azienda atalak ere ez zuen hutsik egin atzo. Antolakuntzako ordezkariek emandako datuen arabera, laurogei bat buru bildu zituen behiak, zaldiak, txekorrak, ardiak edota ahuntzak erakusteko prestatu zuten guneak. Azokak egun osoa iraun bazuen ere, ganadu erakusketa eguerdira bitarte izan zuten zabalik.Beste gune batean, urtero ikusmina pizten duen herriko argazkien erakusketa jarri zuten. Hain erakargarri izaten ohi diren herriko aspaldiko irudien ondoan, bertako argazki berriak paratu zituzten. San Bartolome plazan, bestalde, artisauen txokoa egokitu zuten. Lore lehorrak, zeramika, beirarekin egindako lanak eta zurezko bastoiak, erlojuak edota gurdiak ikusi ahal izan ziren, besteren artean. Gainera, batzuk lanean aritu ziren jendearen aurrean, ikusleen gozagarri. Lan horiei, kultur etxeko lantegietan landutakoak gehitu zitzaizkien. Atal horretan, halaber, margoekin ez ezik, hain ikusgarri izaten den ehoziri lanekin gozatu ahal izan zuten bisitariek. Eguerdi aldera, antolatzen eta laguntzen ibilitakoek bazkaria izan zuten postuak jarri zituztenekin eta lehiaketa gastronomikoan parte hartu zutenekin batera. Arratsalde-partean, berriz, herri kirolen probak izan
zituzten ibartarrek, herriko talde bi neurtu baitziren, eta eguneko ekitaldiei
amaiera eman zieten modu horretan.
«Gustura gelditu gara»
Azken orduan, balioespena egiteko mementoa ailegatu zen. Antolatze lanetan ibilitako taldeen ordezkari batek positibotzat jo zuen eguna, bai bisitarien kopuruari begiratuta, bai eta herrian sortutako giroari dagokionez. Atzoko azokak «egun-pasa eder bat egiteko aukera» emateaz gain, bertako produktuekin «begiak eta barrenak gozatzeko» beta eman zuela nabarmendu zuten. Alde horretatik, Edurne Urdanpilleta antolatzaileak nabarmendu zuenez, ekitaldien bultzatzaileak «gustura« gelditu ziren. Egunean egon zen kale animazioari erreparatu zion; goiz-goizetik hasita dultzaina-jotzaileen diana izan zen, eta jarraian, Ibarrako kaleetan zehar ibili ziren trikitilariak. Beste alde batetik, nabarmentzeko da atzoko azokako protagonista nagusia izan zen piperraren inguruan ekoizleek esandakoa. Izan ere, aurtengoa oso denboraldi ona izan dela onartu baitzuten. Eguraldia lagun izan omen dute aurten, egunetik eta gauera tenperaturak ez duelako aldaketa handiegirik izan, eta hori dela-eta, aurten piper asko dago. Horrezaz gainera, adituen esanetan, oraindik sasoi onean gaude «batere minak» ez diren Ibarrako piper horiek dastatzeko, urriaren azkenaldira arte aurkitugu baititugu gure merkatuetan. -
|