- Aizkora (Euskal Herrikoa)
Unai Otañok lortu du Bigarren Mailako txapela
·Juanjo Lopez bigarren geratu zen, eta Ibarrakoarekin batera heldu den urtean maila nagusian arituko da
DONOSTIA
Unai Otañok ez zuen hutsik egin, eta aise bereganatu zuen atzo Uharte-Iruñean Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela.Harekin batera, Juanjo Lopezek lortu zuen datorren denboraldian Lehen Mailan aritzeko txartela.Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Jendeak, berriz, oso ongi erantzun zuen, sekulako jendetza batu baitzen Toki Alai pilotalekura finala zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Unai Otaño zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Hastapenetik hartu zuen aurrea, eta apurka-apurka joan zen aldea ateratzen. Txapela buruan zuela amaitu zuen. Oso ongi prestatuta dago, eta argi eta garbi erakutsi zuen mailako aizkolaririk onena dela aurten. Emozioa, ordea, bigarren posturako izan zen, Lopezen eta Etxebesteren artean. Nafarrak azkenean minutu erditik gora kendu zion, baina Igeldokoak tartean enbor txar bat ere izan zuen. Azkenean, ordea, Lopezek lortu zuen bigarren postu hori, eta horrek horri ere datorren urtean maila nagusian izateko txartela emango dio. Etxebestek, aldiz, beste urte bat itxaron beharko du; berriro ere lanean jarraitu beharko du, eta gutxienez urte bat iraun beharko du mailaz igo ahal izateko. Laugarren posturako ere lehia handia izan zen. Hasieratik parean aritu ziren Zubiaga eta Mujijka, eta bien artean sekulako dema izan zuten. Batera-batera sartu ziren azkeneko enborrera, eta amaieran ere horrelaxe ziren, baina azkenean arabarrak bi kolperengatik bakarrik lortu zuen laugarren postua, eta bat atzerago geratu zen Ibarrakoa. Azkeneko postuan, berriz, Senosiain II.a izan zen.Olagueko aizkolariarekin itxaropen handiagoa zegoen, baina atzo ez zen bere mailan aritu. Hasieratik geratu zen atzean, eta ia saio osoa horrela egin behar izan zuen; amaieran lehen postutik sei minutu pasara geratu zen.
Urte bikaina
Unai Otañorentzat sekulako urtea izan da. Urrezko Aizkoran lan handia egin zuen hasteko, eta gero, Lasa lagun zuela, Olasagastiri apustua irabazi zion apirilean. Ondoren, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala etorri zen, eta han ere ez zuen barkatu; txapela jantzi zuen. Atzo, Euskal Herriko BigarrenMailako txapelarekin biribildu zuen aurtengo denboraldia.Bi txapel garrantzitsu horiez gain, datorren urtean bai Gipuzkoan, baita Euskal Herrian ere, Lehen Mailan arituko da. Bietan, gainera, lehen aldiz ibiliko da, oraindik ez baita maila nagusian inoiz aritu. Urte batzuk aizkora utzita ere egona da Unai, baina orain sasoi betean dator. Atzo mailaz igo zen bestearentzat,Juanjo Lopezentzat, alegia, Lehen Maila ez da berria izango, lehenago ere hor egona baita. Bi aizkolarien helburua orain Lehen Mailari eustea izango da, baina hori ez da erraza hor aizkolari handi asko baitaude; gogoa eta ilusioa, ordea, ez zaie falta. EuskalHerriko hurrengo finala urriaren 22an izango da, Tolosan, LehenMailakoa.
|