Askotan berbek asko esaten digute gordetzen duten zentzu ezkutuaren inguruan. Horrela «ezbeharra» berbak, berez, zoritxarra baino, gertatu behar ez zena adierazi beharko liguke. Hortaz, lanean sekula gertatu behar ez direnak dira ezbeharrak.
Galdera: gertatu behar ez dena gertatzen bada, eta maiztasun lazgarriaz, gainera, zelan azaldu orduan?
Patronalak dio sindikatuek egiten duten irakurketa guztiz «katastrofista» dela, hainbesterako ere ez dela istripuen kontua. Mutur gogorra eduki behar da, gero! Euskal Herrian 600 mila lagun inguruk egiten dute behar eta hortik 65.000k izaten dute istripuren bat urtean.
Begiratu zure ingurura, zenbatu hamar lagun zu barne; urte baten buruan zuotako batek probabilitate handiak dauzka ezbeharra izateko. Eta pentsa istripu horietatik ehun kasutan bizibidea topatzen joan denak heriotza besterik ez duela aurkituko. Katastrofistak garela esaten digute patronalak eta «osasun» eta «segurtasun» erakundeek, eta numeroak bagina legez hartzen gaituzte. Azaldu diezaietela familia eta lagunei istripuak ehuneko txiki batean jaitsi direla.
Errealistak gara. Lan istripuak ez dira horrela eta horrela gertatzen den zerbait, ez dira onartu beharrekoak, ez dira ezinbestekoak... Euren poltsikoak are gehiago betetzeko estutu eta estutu egiten gaituzte, harik eta odol guztia atera arte. Gerora, inork zerbait galdetzen badu, langilearen errua izan dela izango dugu erantzun bakarra. Gezurrak patronalaren ahotik, eta permitibitatea erakundeen aldetik. Baina berdin da, berdin zaie, hildakoak, elbarriak, pozoituak, esterilak, koxuak eta besamotzak, minbiziak parte bakar batek ipintzen dituelako mahai gainean.
Imajina dezaket familia bat, seme edo alaba gaztea daukan familia. Imajina dezaket orain dela gutxi amaitu dituela ikasketak eta, lan merkatua zelan dagoen jakinda, zelako poza hartu duten etxean denek lana topatu duenean. Imajina ditzaket bizi proiektuak, lehenbiziko aurrezkiak, etxetik alde egiteko gogoa... imajina dezaket amak, ondo gosaldu ostean, agur esan diola atetik. Baina ezin dut imajinatu, ez dut imajinatu gura, ama horren samina zenbait ordu geroago telefono deia jaso eta hilkutxa hotz bueltatu diotenean. Eta gero Ibarretxe telebistan agertuko da enpresariei eskerrak ematen herri honen mesedetan egin duten guztiagatik, aberastasuna sortzeagatik, herri lehiakor bihurtzeagatik...
Zelako pena khmer gorriak ez etortzea berriro den-denak
erredukazio kanpo batean sartzeko! -sagarroiak@gmail.com