Gauzak ez doaz ondo Hezkuntzan. Iparraldean, irailaren 28ko ostegunean izandako kale-mobilizazioak dira kri- siaren adierazle. Hegoaldean, Nafarroan D ereduari Foru Gobernutik urtero-urtero jarri nahi zaizkion hesiak hor daude. Ikastolek lortutako aitortza, urrats garrantzitsua izanik ere, aspira- zioetatik urrun geratu da. Eta Autonomia Erkidegoan azken hamahiru urteetan kudeaketa hutsa egin da, hezkuntza politikarik batere ez. Eta ez naiz ari sistema propio baten aldeko jardunaz, gure ustez lehentasu- na izan beharko lukeenaz. Ez, profil baxuagoko hezkuntza politikak ere ez du lekurik izan.Noan dagokidan erakundearen esparrura, hain justu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakora alegia. Esan bezala, kudeaketa hutsa besterik ez da egin. Eta horren ondorenak jasaten ari gara orain, hezkuntza politikarik hainbeste urtetan ez egin izanaren ondorioz metatutako arazoak.
Batzuk aipatuko ditut. Ikastereduen gaia arazo bezala identifikatuta dago, baina irtenbideetaz eztabaidatu eta abiabide berriak jorratzeko urrats garrantzitsurik ez da eman. Ez dakigu gaiaren jarraipena zertan den. Eskola Mapa 96tik ukitu ere egin gabe dago. Artean izan diren aldaketen harira ez da inolako egokitzapenik egin. Eta izan dira, bai, berrikustera eraman beharko luketen aldagaiak. Eskola mapan 0-3 atalak sortu duen eragina, horietako bat. Edota Lanbide Heziketaren eboluzioak sortu duen eragina, beste bat. DBH beraren esperientziatik egin beharreko egokitzapenak ez dira maila gutxiagokoak. Kontua da hamar urtetan izan diren aldaketa hauei guztiei muzin egin zaiela eta Eskola Mapa ukiturik egin gabe dagoela.
Beste atal bat aipatzeko, diru publikoekin hornitutako zentroen artean ikastolak titulartasun publikokoak ez garenez, eta finantzazio publikoa kontzertuaren bidez jasotzen dugunez, esango dut kontzertu hauen berrikuspenik egin gabe dagoela urte luzeetan. Ratioak, mo- duluak, mantenimendu eta funtzionamenduko kontzeptuak bere horretan jarraitzen dute, kostuak nabarmen gora egin arren. Gaur egun hitz egiten hasia da hezkuntza zerbitzu publikoaren parte diren titulartasun sozialeko zentroei, ikastolei kasu, eman beharreko finantzazio publikoa doakotasunera arte iritsi beharko litzatekeela. Alegia familiei, titulartasun publikoko zentroetan bezala, doan atera beharko litzaiekeela seme-alaben eskolarizazioa gurean ere. Zein urrun gauden ordez horretan, kontzertu zaharraren egokitzapen finantzieroa ere egiten ez denean.
Aipa dezadan, baita ere, teknologia berrien gaia. Erronka handia da, bai. Hain zuzen ere horregatik beharrezkoa da sistema osorako antolamendu-kriterio argiak izatea, inprobisazioz edo hazkunde estentsibo hutsez jardun beharrean.
Eta nola aipatu gabe utzi Eskola Ituna edo Eskola Lege berria. Bi aldiz jaso izan da Jaurlaritzaren gobernu-egitasmo-an, baina ez da urratsik eman. Esan zaigu orain horretarako aurrekontu bat ezarrita dagoela eta horretan aritzeko pertsona batzuk ere jarri direla. Baina ikusi oraindik ez dugu ezer egin.
Curriculuma izan da urratsen bat emandako alor bakarra, aurten bertan. Salbuespena. Ordua zen. Ea benetan jarraipen erregularra daukan. Hortxe izango gara, erne.
Egoera honek tarte bat izan du, aurreko legegintzaldian. Izan ziren saio batzuk Hezkuntza Ad- ministrazioaren aldetik urteetako joera lauari amaiera eman eta zain zeuden zezen desberdinei irteera ematen hasteko. Ereduetan eta urrats zehatzetan asmatu ala ez, hori beste kontu bat litzateke. Baina joera itxa- ropentsu horrek legegintzaldi honetan berriro geldialdia izan du. Eta kezkatuta gaude.
Urratsak emateko borondateak aipatzen dira Hezkuntza Administrazioaren aldetik, baina ez dugu ikusten abiatzen direnik, eta denbora aurrera doa. Egia biribila da, bai, borondatea oinarrizko osagaia dela zinez eragile izan nahi duenarentzat. Baina hori bezain biribila da egintzarekin frogatutako bo- rondatea dela benetan sinesgarria. Eta hori falta da kasu honetan.
Hezkuntza politika nioen, baina kudeaketa bera ere korapilatuta ikusten dugu. Ikastolei dagokienean, zenbaki biribilak erabiltzeagatik 600.000 euro ingururen zain gaude aspalditik, kapitulu desberdinen izenean. Horietatik batzuk ia urtebetetik daude adostuta, denak ere hainbat hilabetetik. Eta ez dago diru sarrera berezirik, denak dira kontsolidatutako kon- tzeptuen izenean jaso beharreko diruak. Bulegoko tramiteak bete eta jasotzea besterik ez omen da falta. Baina ez dira iristen.
Panorama orokor hau irauli beharra dago. Zezenari adarretatik heltzeko kemena beharrezkoa da. Kudeaketa eragingarria nahitaezkoa da. Bestela arazoak metatu egingo zaizkigu, istilurik ga- beko legegintzaldi baten ordainean.
Ikastolen aldetik, egoera honetaz ohartarazten jartzen dugun arreta berbera eskaintzen dugu bertatik irteteko laguntzen. Ez gara gabezien aurrean besteei errua bota eta etengabeko eskean jardutera mugatzen garen horietakoak. Eskua luzatuta dago gure aldetik, apal baina zintzo, aurrera egiteko ausardiaren bidea urratzeko prest legokeenarentzat. -