Aguraingo Ama Birjinaren ohorezko Jaiak
Parrandarako gogoa igartzen da Arabako Lautadan
Jai usaina du Agurainek. Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko ospakizunei gaur bertan emango diete hasiera. Modu horretan, datozen lau egunetan, adin eta gustu guztietarako ekitaldiak izango dira; hala nola, haurrentzako jolasak edota atzoko gazteentzako bazkaria eta dantzaldiak. Gogoa izatea baino ez da behar.
AGURAIN
Lo egiteko astirik ere ez dute izango datozen egunetan Agurainen. Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko jaiek dute errua. Ekimenak gaur arratsaldean bertan hasiko dira, ohiko txirrindulari lasterketa eta futbol partida jokatuta. 18.00etan, bertako Zadorraren Lagunak elkarte etnografikoari eta Eusko Ikaskuntza, Etniketa eta Lanzazuri elkarteei, esker ona erakutsiko diete, eta ohorezko agurra dantzatuko. Ondoren, aurtengo jaiei hasiera emango dien txupinazoa jaurtiko dute. Koadrilek afaltzen duten artean eta gauerako prestatzen diren bitartean, haurren zezensuzkoa egingo dute. 23.30erako prest egon beharko dute aguraindarrek ikuskizun piroteknikoaz gozatzeko eta erdiguneko kaleetatik barrena ibiliko den ohiko danborradan parte hartzeko. Gauean, Tukan musika taldeak joko du eta zezen mekanikoa izango da. Gustu eta adin guztietarako ekimenez jositako egitaraua izango bihar. Goiz-partean, haurrentzako jolastokia jarriko dute. Txirrista eta puzgarriak, piloten etxea eta ludoteka egongo dira, besteren artean. Eguerdian, Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko meza nagusia eta koadrila eta elkarteen lore eskaintza izango dira. Lehenengoan, Iruñeko Katedraleko Emssemble de Chirimiasek parte hartuko du. Bukatutakoan, kalejira egingo dute eta motozerrarekin egur irudiak nola egiten diren ikusi ahal izango da. Bazkalondoan atseden egiteko aukera izan barik, Biketrial erakusketa iritsiko da, baita haurrentzako festa ere. Iluntzean, Perfusion taldearen kale-animazioaz eta dantzaldiaz gozatu ahal izango dute aguraindarrek. Kresala taldea giroa alaitzeaz arduratuko da gaueko lehenengo orduetan.
Nagusien eguna
Astelehenean, aurten ere, atzoko gazteak omenduko dituzte. Etxeko nagusiek ederki pasatzeko aukera izango dute, baita haurrek ere. Azken horiek jolastokian ibili ahal izango dira goiz osoan, Donibane plazan. 11.00etan, harrera egingo dute Harresi aretoan, baita kalejira, herriko musika bandarekin. Aurreko egunean bezala, eguerdian meza izango da, eta Eguzkilore abesbatzaren saioa. Ez da falta izango Vermouth dantzaldirik edo atzoko gazteentzako bazkaria eta ondorengo musika emanaldia Aniturri institutuan. Kalean, bestalde, putxe lehiaketa, Gorriti eta bere animaliak, pilota partidak, txapel jaurtiketa txapelketa, emakumeen agerraldia eta dantzaldia egongo dira. Musikak gauean jarraituko du, Jamaica taldearekin. Orain arte aipatutakoa hasiera baino ez da. Euskal Herriko abere azoka
zaharrenetarikoa
Aurten, 611 urte betetzen ditu Aguraingo Abere Azokak. Aurreko edizioetan bezala, Zaldi-aziendaren Herrialdeko Lehiaketa eta Arabako XXI. Artzain-gazta Txapelketa egingo dituzte. Egungo eta atzoko nekazaritza makinen erakusketa, behi eta ardien lehiaketa edota Euskal Herriko artisautza, gastronomia eta jatorrizko produktuen salmenta ere han izango dira. Dena musikaz alaiturik, goiz osoan giro paregabea izango da asteartean, herrigunean. -
|