- Liga Federala
Maulek izango du jardunaldiko partidarik estuena
DONOSTIA
Liga Federalean, Lehen Mailan, Maulek izango du asteburuko jardunaldirik zailena. Zuri-gorriak etxean arituko dira, Marius Rodrigo zelaian jokatuko dute, baina Tyrosse hartuko dute.Landetako taldea iaz Pro 2 Mailan zegoen, eta aurten iaz galdutakoa berreskuratu nahiko du.Maulek lehen jardunaldian etxean irabazi egin zuen, baina joan den asteburuan Donibane Garazin galdu egin zuen Nafarroaren aurkako euskal derbia. Nafarroak irabazteko moduko neurketa izango du, baina Saint Paulek ere gauza bera pentsatuko du. Hori-gorriek Liga ez zuten ongi hasi, kanpoan galdu egin baitzuten lehen jardunaldian, baina euskal derbia irabazi egin zuten, eta horrek indar handia eman die. Donibane Lohizunek ere etxean jokatuko du. Lapurtarrek Orthese izango dute aurrez aurre. Gorri-berdeak joan den asteko jipoia ahaztu nahian dabiltza, eta horretarako erremediorik onena etxean irabaztea izaten da, lehen jardunaldian egin zuten bezalaxe. Partida guzti horiek bihar jokatuko dira 15.00etatik aitzinera. Bigarren Mailan, Bokalek Saint Medard hartuko du. Donapaleuk, aldiz, Soustonsen aurka jokatuko du etxean. Nafarroa Beherekoek maila berri honetan estreinako garaipena lortu nahi dute, orain arteko partidak galdu egin baitituzte.
|