MEXIKO HIRIA
Iztayopango ezker paretan eskuz jokatutako lehen finalerdiak Munduko Txapelketako bi pilotari «eroenak» ikusteko aukera eman zigun. Christophe Elizalde itsasuiarrak Javier «Manos Locas» Marin menderatu zuen eskuinez erakutsitako kolpea eta bi-pareta izan zituen arma nagusiak 22 eta 16ko emaitzarekin.«Ez da ahaztu behar lanak fruitua ematen duela», adierazi zuen Elizaldek, harro, partida amaieran. Zuhurtasun handiz prestatua zuen neurketa hori bezperatik, eta azken bi urteotan egindako lana biribildu du. «Azken hiru urteetan egindako lana biribildu dut gaur. Hiru urte baitira ezker paretan entrenatzen nabilela une honetara iritsi ahal izateko, eta azkenean heldu da», esan zuen.
Eta egia da lapurtarrak finalean sartzeko txartela ez diola inori lapurtu. Orain, Philippe Irigoien hautatzaileak finalean Mikel Irigoienen aurka jokatzen utziko ote dion ikusi beharko da. Elizaldek sekulako maila eman du jokamoldean agintzen duten pilotarien aurka; Ipar Euskal Herrian gehienetan baztertu duten jokamolde horretan, hain zuzen ere.
Itsasuko pilotari gazteak ez zituen inoiz paperak galdu Marin faboritoaren aurka. Partidaren lehen zatian, gainera, perfekzio tekniko, taktiko eta fisikotik oso hurbil ibili zen euskalduna. Buruz burukoan oso indartsu aritu zen, hartutako erabakiak zuzenak izan ziren eta tantoa bikain bukatu zuen.
«Manos Locas» inoiz baino deserosoago sentitu zen bere publikoaren aurrean, eta markagailuak argi erakusten zuen kantxan gertatzen ari zena: 15-5 lapurtarraren alde. Sinestezina izan arren, norgehiagoka bide onean zuen Elizaldek, baina mexikarrak ez ditu inoiz besoak jaisten aurkaria 22ra heldu arte, eta euskalduna ez zen horra heldu oraindik.
Baina bat-batean, Ixtayopango haizea norabidez aldatu zen. Elizalde pilotak galtzen hasi zen: gora, behera, zabalera... eta Marin berriz ere lehian sartu zen bere jarraitzaileek ere neurketa galdutzat ematen zutenean. Hiru tanto jarraian eginda, 15-15ekoa igoarazi zuen markagailura.
Elizaldek, ordea, plazagizona dela erakutsi zuen eta pilota aldatzean, finalerako sailkapena eskuratu zuen.