· ZABALTEGI: os 12 trabalhos, Ricardo Elias
«Herkulesen» mitoaren adaptazio librea Sao Pauloko kaleetan barrena
DONOSTIA
Inoiz galdetu ote dio inork bere buruari banatzaile baten lana arriskutsua den? Dirudienez, Sao Paulon horrela da. Ricardo Elias “Os 12 trabalhos” filmeko zuzendariak, behintzat, hala azaldu zuen. Brasildarraren film luzeak birgizarteratzearen eta delinkuentziaren arteko mugan dagoen gazte baten bizimodua kontatzen du. Zuzendariak adierazi zuenez, filma Herkulesen mitoaren «adaptazio librea» da. «Baina Herkulesen papera birgizarteratzearen eta delinkuentziaren arteko mugan dagoen gazte batek betetzen du». Eliasen arabera, lana franko egin behar du egoera horretan dagoen gazte batek bizimoduz aldatzeko. Aldaketa horrek esfortzu handia eskatzen dio bestelako bizimodua nahi duen gazteari. «Sao Paulo oso hiri kaotikoa da. Brasilgo gune ekonomiko garrantzitsuena da eta lan asko dago, baina baita pobrezia handia ere. Ikasketarik gabeko gazte horientzat lan egiteko modu bakarra banatzaile modura aritzea da», esan zuen.
Egunean bi heriotza
Eliasek gertutik azaldu zuen Sao Pauloko banatzaileen lana. «Hiria munduko jendeztatuenetarikoa da, 11 milioi pertsona bizi da bertan. Banatzaileen lana oso arriskutsua da. Adibidez, nire film luzea Donostiaraino helarazteko haien zerbitzua erabiltzen dugu. Motorrean aritzen dira lanean hiriko kaleak zeharkatuz. Inork ez dakiena, ordea, egunean bi banatzaile hiltzen direla da», adierazi zuen. Beraz, Euskal Herrian arriskutsua ez dena bizitza galtzeko moduko lanbidea da Sao Paulon.Protagonistak delinkuentziaren mundua atzean uzteko asmoarekin lan bat bilatu eta birgizarteratzeko esfortzua egingo du. Aurrez bizitako urteek, ordea, ez dute oso itxura onik, gazteentzat egindako espetxe batean egon baitzen. Lantokiko nagusiak bere egoeraren berri izango du, eta «test» egun bat ezarriko dio. Egun horretan 12 lan egin beharko ditu. Hortik dator, beraz, filmaren izenburuaren jatorria. Boliviatik etorri zen atzo Kursaaleko topaketetan aurkeztutako beste filmetako bat. Xavier Sarabia produktoreak egin zuen “Lo más bonito y mis mejores años” lanaren aurkezpena. Hark esan zuenez, 1986a izan zen Boliviako zinemagintzak Donostiako Zinemaldian lan bat aurkeztu zuen azkeneko aldia. Film luzeak belaunaldi oso baten bizimodua islatu nahi du, gaur egungo Boliviako egoeran harrapatuta dagoena. Baina zantzurik bereizgarriena «kontatzeko era» dela adierazi zuen Sarabiak. Zabaltegin, halaber, “The road to Kalimugtong”, Mes de Guzmanek zuzendutako film alternatiboa aurkeztu zuten. Filipinetako uharteetan gurasorik eta dirurik gabe bizi diren bi haurren istorioa lantzen du. Bi anaia nagusiagoek mehatzari lanak egiten jardun beharko dute goseteari aurre egiteko.
|