LatinoAmerikako zinema eta kultura jaialdia
Diegues: «Brasil zinemaren historiaren garai aberatsena izaten ari da orain»
Brasilgo eta Argentinako filmak dira nagusi Biarrizko jaialdian lehiaketan dauden produkzioetan. Brasili buruz Carlos Diegues zinemagileak aipatu zuen gaur egun zinemaren garai aberatsena bizi duela eta aurten hirurogei bat film ekoitziko direla bertan. «O maior amor do mundo» filma aurkezten du zinemagileak lehiaketa nagusirako.
BIARRITZ
Biarritzen urtero egiten duten Latinoamerikako zinema eta kultura jaialdiak bertako zinema ekoizpenaren argibidea ematen du. Eta, urtero, Argentina, Brasil eta Txile izaten dira ordezkari gehien dituzten herrialdeak. Gaurko Biarrizko jaialdiaren egitarauan, nagusitze hori argi agertzen da proiektatuko dituzten pelikula gehienak Argentinakoak eta Brasilgoak baitira.Brasili dagokionez, hango zinemagile zenbait nazioartean sona handia eskuratzen ari dira. Atzo, herrialde horretako zinema aipatzeko, Brasilgo zinemagile handienetariko bat zegoen Biarritzen: Carlos Diegues. “O maior amor do mundo” izeneko filma aurkeztu du aurten zinemagileak lehiaketan El abrazo saria eskuratzeko. 60ko hamarkadan hasi zen Carlos Diegues zinema egiten. Eta, horretan hasi zenetik Brasilen pelikula gehien kaleratu duen zinemagileetariko bat da. Bere azken filma Rio de Janeiron girotzen da, eta, bertan, drama baten bitartez, gizaki orok bizi ahal izateko besteen beharra dutela adierazten du Dieguesek. Gaurko programazioan Brasilgo filmak nagusi direla-eta, zinemagileak bere herrialdean ekoizten diren filmen kalitatea aipatu zuen. 60ko hamarkadan zineman hasi zenetik, Brasilgo zinemak izandako bilakaera hurbiletik ezagutzeko aukera izan du. «Estatu Batuetako, Asiako edo Europako zinemarekin konparatzen badugu, Brasilgo zinemak guztiz bilakaera ezberdina izan duela ohartzen gara. Brasilgo zinemak ez du historiarik, zikloka ibili izan baita. Horiek ireki eta desagertu dira elkarren arteko loturarik izan gabe», esan zuen. Eta, zinemagile hasi zenetik lau ziklo ezagutu dituela argitu zuen. «Ez da historiarik eraiki. Ziklo horiek ekonomia edo politika arrazoiengatik itxi dira. Guztiak elkarrekin konparatzen baditugu, batak bestearekin batere loturarik ez duela ohartzen gara», adierazi zuen Dieguesek.
Garai aberatsena 1994an sortutako zinemaren legea onartu zutenez geroztik, Brasilek izan duen ziklo luzeena da egungoa. «Gaur egun, Brasilgo zinemak izan duen garai aberatsena bizitzen ari gara. Ehun eta berrogeita hamar zinemagile baino gehiago daude. Eta, oso film interesgarriak kaleratzen ari dira. Belaunaldi berri bat sortzen ari da», aipatu zuen. Horiek hala, nazioartean sona handia lortzen ari diren zinemagileak agertu direla gehitu zuen, eta etorkizunari begira, Brasilgo zinemaren bilakaerarekin baikor agertu zen Diegues: «Aurten hirurogei bat film ekoitzi izan izango dira». Halere, ziklo guztien artean lotura nabaritzekotan, etengabe aipatzen duten «nortasunaren» gaia dagoela adierazi zuen.
Ikastetxeetako laurehun bat ikasle
A.B. BIARRITZ Lapurdiko ikastetxeetako laurehun bat ikasle ibiltzen dira egunero Biarrizko jaialdian. Ikusleen artean gazteenak dira horiek, eta jaialdian azaltzen dituzten film eta animazioei buruzko informazioa ahal bezain ongi helarazteko, Biarrizko jaialdiak haietaz arduratzeko animatzaileak jarri ditu. Zinema aretoz zinema areto, film eta dokumentalak ikusteaz gain, literaturari eta zinemari buruzko hitzaldi gehienetan parte hartzen dute. Horiekin batera, Latinoamerikako filmetara- ko zaletasuna duten ikusle ugari biltzen da jaialdian. Izan ere, La Cita jaialdia zegoen garaiarekin konparatuta, Biarrizko jaialdi berriak aurpegi berritua agertzen du. Latinoamerikako ekoizpenen herrixka Kasinoaren aretoan dago, eta ikusleen arteko benetako elkargunea eraikitzea lortu dute jaialdiko antolatzaileek. Eta, horri esker, irudi animatua agertzen du Biarrizko jaialdiak.
|