Salaberri euskaltzaina Uxueko toponimiaz aritu da sarrera-hitzaldian
UXUE
Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzainak atzo egin zuen, Uxueko pilotalekuan, Euskaltzaindiko sarrera ekitaldia. Salaberrik Patxi Ondarraren lekua beteko du Euskaltzain- dian, eta Nafarroako herrian jaso zituen euskaltzain osoa dela adierazten duten diploma eta hogeita laugarren zenbakia duen domina. Onomastika arloan asko aztertu du Salaberrik bere ibilbidean, eta, beharbada, horrexegatik aukeratu zuen atzoko ekitaldirako “Uxueko izenak mintzagai” izeneko sarrera-hitzaldia. Horiek hala, lehenik eta behin, Uxueko toponimiaz mintzatu zen. «Gure eskualdeko euskara ezagutzeko, neurri batean bederen, toponimiara jotzea beste biderik ez dago. Hori da nik garai batean egin nuen gogoeta eta nire doktore tesi potoloaren ernamuina izan zena: Uxueko eta inguruko euskararen berri zerbait izateko zer egin dezaket? Nora jo dezaket? Errepostua egina da: toponimiara», azaldu zuen. Ondoren, Salaberrik doktore tesiaren helburu zientifikoak eta bihotzekoak zehaztu zituen. Horiek hala, xede zientifikoak hauek zirela azaldu zuen: hemengo euskararen gainean berri zerbait erdiestea, toponimoen azalpen etimologikoa ematea eta leku izen biziak mapetan ezarri eta, dokumentazioa oinarritzat harturik, galduak non kokatu behar ziren argitzea. «Bihotzekoen gainean, herriaren euskalduntasun galdua nabarmen utzi nahi nuen; alegia, herria berandu arte euskalduna izan zela garbi adierazi nahi nuen», esan zuen. Bestalde, Andres Iñigo Iturengo euskaltzaina Salaberriz mintzatu zen, eta Erriberriko Merindadeko lehendabiziko euskaltzaina dela nabarmendu zuen. «Patxi, nire ustez, guztien gainetik, ikertzailea da, afizioz eta ofizioz. Afizioa EuskalFilologian lizentzia jaso ondotik hasteak eta etengabeko jarduerak erakusten dute, eta ofizioa, egin dituen lanen kalitateak», gaineratu zuen.
|