«Kasandra leihoan», zinema gogoetarako abiapuntu
Orain urte eta erdi Joseba Jaka beka jaso zuen Fito Rodriguezek saiakera sailean, eta laguntza horri esker idatzi du «Kasandra leihoan». Argi zuen liburua Zinemaldiko egunen batean aurkeztu nahi zuela, filmak baitira lanaren hari gidaria. Pelikulen argumentuak abiapuntu hartuta gizartea aztertu du gasteiztarrak: pertsonen arteko harremanak, heziketa eta erlijioa, adibidez.
DONOSTIA
«‘The rear window’ ikusi al duzu? / Zer diozu? / Hitchcocken ‘Leiho begiluzea’ filma ikusi ote duzun. / Ez. / Gauza bat proposatuko dizut. / Hizketarako gogoa ala? / Ez bereziki, baina denbora pasatzeko aringarria suerta daiteke. / Zer da, bada? / Norberak ikusi dituen filmak besteak ezagutzen ez baditu, hari azaltzea, alegia. / Ezagutzen ez ditugun pelikulak elkarri kontatzea? Nik ez dut asko ikusi eta zuk, aldiz, seguru pila bat ikusita daukazula. / Berdin dio, zuk ikusitako bat edo beste nik ez baldin badut ezagutzen, nahikoa izango da».Argibiderik gabe geldirik dagoen hegazkin baten barrenean daude Kasandra eta Ihardets, eta denbora pasatzeko kontu kontari hasi dira. Gustuko pelikulei buruz eta bakoitzak egiten duen ekarpenaren inguruan ari dira berriketan. Bizitzaren irakurketa egiten dihardute horrela, modu berezian egin ere, «egunerokotasuna eta ideia handiak nahasiz», Fito Rodriguez egilearen hitzetan. «Ez dut uste herriak darabiltzan ideia klandestinoez lagunartean hizketan daudenen modura idazten saiatzea alferrikakoa denik. Hizkuntza jasoa eta naturala elkartu nahi izan ditut nik», azaldu zuen. Hegazkinean dauden bi lagunen elkarrizketa bildu du liburuan, eta atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, argudioek baino argumentuek dute bertan garrantzia. Han zen Xabier Portugal zinema kritikaria ere, Rodriguezek liburua idazteko prozesuan bidelagun izan duena. «Protagonistak ez dira filmen balio estetikoaz mintzatzera mugatzen ohartarazi zuen. Harago joaten dira eta beste dimentsio bat ematen diote zazpigarren arteari. Badakigu obrek ez dutela gizartea aldatuko, baina abiapuntu interesgarria dira gizarteko arazoei buruz hausnartzeko: harremanak egituratzeko moduaz, heriotzaren eta gaitzaren aurrean dugun jarreraz, erlijioaz eta heziketak duen funtzioaz. Rodriguezek ikuspegi filosofikotik aztertu ditu gai horiek». Kasandrak eta Ihardetsek aipatzen dituzten film guztien aurkibidea ere badu liburuak. Bakoitzak bere fitxa du, jatorrizko izenburuaren, dataren eta egileen izenen berri ematen duena.
«Gure garaian, sartu egin da kanpokoa»
M. I. DONOSTIA«Literaturan bada hari bat non irudiak eta hitzak elkartzen diren. Literatur poetikoa deitu izan diote, edo irudi literarioa. Emakumeek leihoaren aurrean duten papera aztertu izan dute bereziki», jakinarazi zuen Rodriguezek. «Pizkundean andrea barruko goxotasunean egoten zen, kanpokoa arriskutsua zela pentsatzen baitzuen. Garai erromantikoan, aldiz, aspertu eta leihotik begiratzen hasi zen. Eta surrealismo garaian erakargarria iruditzen zitzaion kanpoa». Gure garaian kanpokoa sartu egin dela dio Fito Rodriguezek. Horixe da, hain zuzen, Troiaren birrinketa aurrez ikusi zuen Kasandra itsuari gertatu zitzaiona. Idazlearen arabera, sartzen den argiak itsutu egiten gaitu. Kanpoaldea barneratzea da gaur subjektu izatea. Ideia hori bildu du Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak. Eskerrak eman zizkien Elkar fundaziokoei, Txalapartakoei eta Xabier Portugal zinema kritikariari bidelagun izateagatik, eta liburuari zerbait falta zaiola erran zuen: «Antzerki obretan gertatzen den bezala, irakurtzean izango du lanak balioa».
|