BILBO
Lakuako Gobernuko Barne Sailak ezeztatu egin du “El Correo Español” eta “El Diario Vasco” egunkariek Bilboko etxe batean jazotako sutearen inguruan atzo plazaratuta- ko informazioa. GARAri adierazitakoaren arabera, Bilboko Errekalde auzoan su hartu zuen etxean Ertzaintzak ez du «delituzko egozketarik» egitea ahalbidetzen duen elementurik aurkitu. Hala, Lakuako Barne Sailak bi egunkari horiek kaleratu zuten informazioa ezeztatu zuen; bertan, su hartu zuen etxe batean Ertzaintzak kale borrokarako materiala aurkitu zuela eta hiru gazte ihesean joan zirela adierazi zuten.Bi egunkariek kaleratu zutenaren arabera, Errekalde auzoan su hartutako etxean «Batasuneko papel batzuk, hurrengo manifestazio batzuen inguruko propaganda, likido sukoia, hautsitako botilen aztarnak eta hainbat motxila eta maleta» aurkitu zituen Poliziak autonomikoak etxebizitzara sartu zenean.
Alta, Lakuako Barne Sailak nabarmendu zuen bertan ez zegoen «delituzko egozketarik» egiteko materialik. Gainera, osteguneko gertaera horren polizia tramitazioa ere «bestelako inplikaziorik gabeko» sute bat bezala landu dutela azaldu zion egunkari honi, eta sutea sortzeko kausa «ustekabekoa» izan zela gaineratu zuen.
PSEko egoitzen aurka
Bestalde, ostegun iluntzean PSEk Arrasaten duen egoitzari hainbat ezezagunek eraso egin zioten koktel molotov bidez. Barne Sailaren esanetan, sabotajea gaueko 21.15 aldean izan zen, eta bi koktel molotov jaurti zituzten egoitzaren aurka. Aditzera eman zutenez, pareta belztuta gelditu zen, eta sortutako sutea hainbat bizilagunek itzaldu zuten. Egoitzaren aurkako hogeigarren erasoa dela esan zuten PSEko iturriek.
Bestetik, deitzaile ezezagun batek bere gain hartu zuen astelehen gauen Iruña de Okako PSEren egoitzaren aurka egin zuten sabotajea. Iñaki de Juana presoaren «egoera salatzeko eta egoera horren erantzuleen aurkakoa» izan zela esan zuen.