Amaia MENDIZABAL | «Azpeitiarrak Espainiako Gerran» liburuaren idazlea
«1936ko Espainiako gerrari aurpegia eta ahotsa jarri nahi izan diogu»
Altxamendu frankistatik 70 urte igaro dira. Hori horrela, Amaia Mendizabalek, Uztarria Kultur Koordinakundearen ekimenez, gerrako bederatzi testigantza jaso eta liburu bat argitaratu du. Egitasmo horren xedea azpeitiarrek 1936ko gerran izandako bizipenak islatzea izan da, gudari «ahotsa eta aurpegia» jartzea, hain zuzen ere.
Uztarria Kultur Koordinakundeak “Azpeitiarrak
Espainiako Gerran” liburua aurkeztu zuen atzo. Bederatzi elkarrizketaz osatutako
liburua da; Errepublikaren aldekoek zein aurkakoek haien lekukotasuna ematen
dute.
Zein da «Azpetiarrak Espainiako Gerran» liburuaren xedea?
Liburuaren arrazoia Espainiako gerra bizi izan zuten azpeitiarren testigantza jasotzea da. Liburuak ez du gertatutakoaren inguruko analisirik egiten, ez eta gertaera historikoaren kronikarik ere. Liburua gerra bizi izan zuten bederatzi azpeitiarren hitza da; bakoitzak gertaera historiko haren inguruko bizipen pertsonala kontatzen du.
Nolakoa da liburua? Zer ideologia du?
Gure asmoa liburu orekatua egitea izan da; errepublikaren aldekoen eta errepublikaren aurka altxatutakoen testigantzak jaso nahi izan ditugu. Zailtasunak eduki ditugu, gerra bizi zuten asko hilda daudelako eta beste batzuek aspaldiko kontu horiek ahaztu nahi dituztelako; baina azkenean lan polita egitea lortu dugu.
Zeintzuk dira liburuaren protagonistak?
Antonio Loinaz eta Jesus Urbieta, Eusko Gudarosteko gudariak; Ignacio Artetxe eta Ramon Altolagirre erreketeak (armada karlistako kideak); Asentsio Zubillaga umea zen guda garaian, eta Azpeitian bertan bizi izan zuen gerra; Jesusa Aranguren, preso politikoen ahizpa; Santa Larizgoiti guda garaian erizain lanetan ibilitakoa; Maria Dolores Orbegozo Margaritas mugimendu karlistako kidea eta Lurdes Alberdi errefuxiatua. Horiek dira liburuaren benetako protagonistak.
Zer nolako esperientzia izan da liburua egitea?
Esperientzia oso polita izan da, aberasgarria. Gerraren inguruko ideia orokor bat izan dezakezu, baina hor atzean dauden istorio pertsonalek hunkitu egiten zaituzte. Lurdesen istorioa, adibidez, ez dut ahaztuko; 18 urterekin anai-arreba gazteak hartu eta herritik ihesi joan behar izan zuten.Norentzat da liburu hau? 1936ko gerrari ahotsa eta aurpegia jartzen saiatu gara. Batetik, gerra hori bizi zutenengatik, haien oroitzapenak kalera ateratzeko. Eta, beste aldetik, beste guztiengatik, ez baitakigu ezer guda hartaz eta jakin beharko genuke, 70 urte geroago, oraindik ere, ezkutatutako sentimenduen eta sufrimenduen iturri direlako gertaera haiek. -
|