GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-03
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ez dute joko 2006ko Bizkaiko txapelaren bila
·Zamudioko kiroldegian abiatuko dute, datorren igandean, aurtengo txapelketa lehenengo kanporaketa jokatuta

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2006 martxan jarriko da aste honetan. Datorren igandean izango da lehenengo kanporaketa Zamudion. Guztira 36 bertsolari jardungo dira Bilboko Euskalduna Jauregian jokatuko duten finalean sartzeko txartel baten bila. Bertsozaleek bi izen garrantzitsuren falta igarriko dute. Izan ere, Unai Iturriaga eta Igor Elortza iazko txapelduna ez baitira arituko aurtengo lehian; belaunaldi berriei bide emango diete.

BILBO

Zamudioko kiroldegia izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren abiapuntu. Beñat Ugartetxea, Gorka Ostolaza, Eneko Abasolo, Amaia Uribe, Miren Ibarluzea eta Mikel Galarza arituko dira taularen gainean lehenengo saio honetan.

Guztira, bost kanporaketa izango dira: Zamudiokoaz gain, Sestao (urriak 15), Arrigorriaga (urriak 22), Igorre (urriak 29) eta Aulestikoa (azaroak 5) jokatuko dituzte. Finalaurrekoak, berriz, Gernikan (azaroak 19), Getxon (azaroak 26) eta Durangon (abenduak 3) izatekoak dira. Finala, azkenik, Bilboko Euskalduna Jauregira eramango dute antolatzaileek. Larunbatean izango da, abenduaren 16an, eta aurreko urteetan hainbat jarraitzailek egindako iradokizuna jaso dute.

Bada berrikuntzarik aipatzeko aurtengo hitzorduari begira. Nagusia, Igor Elortza eta Unai Iturriaga entzuterik ez dugula izango. Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak atzo esan zuen: «Igor eta Unai, azken urteetako txapeldunak, ez dira aurkeztuko; hortaz, txapeldun berria izango da aurten. Horrek lehia eta freskotasuna ekarriko ditu finalera, baina baita txapelketerako gainerako faseetara ere».

Belen Greaves Bizkaiko foruAldundiko Kultura diputatuarentzat bertsoaren munduarekiko eskuzabaltasun keinua da Iturriaga eta Elortzarena, horrela belaunaldi berriei bide ematen dietelako. «Emozioa eta tentsioa igo egingo dira», aipatu zuen Karmelo Uriarterekin batera emandako agerraldian. Guztiarekin, «aldaketaren txapelketa» izango dela esan zuen.

‘‘Bapatean Bizkaia!’’ aukeratu dute 2006ko ekitaldirako leloa. Herrialde horretan bertsolaritzak eduki duen hazkun- dearen isla izan nahi du goiburu horrek. Une honetan, hogeita bost bertso eskola daude funtzionamenduan, eta 10 eta 30 urte bitarteko 900 gazte bildu dira horien inguruan.

Uriarteren hitzetan, bi ezaugarri ditu Bizkaiko bertsolaritzak: gaztea eta dinamikoa da, eta, aldi berean, heldua. Gaztetasun hori nabarmen ikusiko da aurtengo txapelketan. Ez bakarrik taula gainean kantatuko dutenengatik. Gai-jartzaile, epaile eta antolatzaileen artean aurpegi berriak azalduko dira.

Bizkaiko bertsolaritzaren osasun onaren eta mailaren adierazle bezala, azken Txapelketa Nagusirako saioetan ibili ziren bertsolarien herena bizkaitarrak zirela aipatu zuen Karmelo Uriartek.

Txapelketako kartelean bonbilla piztu bat aukeratu dute irudi nagusi modura. «Bonbilla piztuak bertsolariaren sormena islatzen du, baina baita Bizkaiko bertsolaritza loraldian dagoela», esan zuen Joana Mendiburu Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragileak.

Parte-hartzaileei dagokienez, 2004ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalista suertatu zirenak egongo dira: Iratxe Ibarra,Fredi Paya, Igor Muniategi, Etxahun Lekue,Xabier Paya eta Arkaitz Estiballes. Oihane Enbeita eta Juanjo Respaldiza 2004 aurreko edizioetako finalistak batuko zaizkie eta eskualdeetako txapelketetan sailkatu diren 28 bertsolariak.

Epaimahaiko lana Mirari Azula, Ainhoa Munitxa, Asier Ibaibarriaga,Josu Telleria, Moises Enbeita, Abel Muniategi, IñakiAurrekoetxea, Josu Arroyo eta Gaizka Amondarainena izango da.

Gai-jartzaile bezala, Asier Ibaibarriaga, Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu, Josu Esnaola, Aitor Gorostiza, Saioa Amuriza, Bernardo Mandaluniz, Leire Bilbao eta Oihane Unzalu ikusiko ditugu.

Finalerako sarrerak datorren asteburuan jarriko dituzte salgai. Leihatiletan eta www.bertsozale.com webgunean eskuratu ahal izango dira, baita BBKren kutxazainetan ere.

Plaza berriak bereganatu ditu bertsolaritzak

BILBO

Hala bada, Txapelketaren kariaz, abenduaren 16a bitarte, saioak aurkituko ditu bertsozaleak igandeetan Bizkaiko geografian barrena.

Ez dira plaza bakarrak izango. Bilbon ere ekitaldiak antolatu dituzte domekero, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleentzako emanaldiak iragarri dituzte azarorako. Euskaltegietako ikasleei ere ikastaroak emango zaizkie, eta bertsolarientzat bizkaierari buruzkoa eta kantaeraren gainekoa, Joane Mendiburu Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak atzo azaldu zuenez.

Mendiburuk nabarmendu zuen bertsolaritza gero eta hedatuagoa dagoela, «ez da bakartuta dagoen zerbait». Horregatik garrantzitsua iritzi zion Bizkaiko Txakolinaren babesa jaso izanari. Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute bi elkarteek.

Horiek hala, 2006ko Txapelketan promozionatuko dituzten produktuetako bat izango da txakolina. Xabier Amurizak, Igor Elortzak eta Unai Iturrigak idatzitako Bizkaiko bertsogintza III.a eta IV.a liburuak eskainiko dituzte, era berean.

Interneten presente

Bestetik, Euskaldunako Jauregirako bidean bertsolarien arteko lehiari buruzko azken ordukoaz interesa duenak www.bertsozale.com helbidera jotzea izango du onena.

Aurten ere, ahalegin berezia egingo dute informazio osatu eta eguneratua emateko. Bertsolari Txapelketaren historiaz eta saioen egitarauaz materiala topatzeko modua egongo da; gainera, bertsolarien argazkiak eta biografia ere aurkituko dituzte zibernautek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Aplicar la ley no es ceder ante la presión
Euskal Herria
Txapartegi identifica al jefe de los «peritos» como uno de sus torturadores
Ekonomia
Konsignaziodunen presidentea eta presidenteordea aske kargurik gabe
Jendartea
Los estadounidenses Fire y Mello se hacen con el Nobel de Medicina
Kultura
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ez dute joko 2006ko Bizkaiko txapelaren bila
Euskal Herria
La Audiencia Nacional autoriza que trasladen a De Juana a otro hospital
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss