Periferiak, pentsamendua mugiarazteko
·Asteartetik larunbatera izanen dira topaketak, Donostian eta Errenterian
«Humano caracol» da Periferiak topaketen izenburua, «barraskiloak nomadismoa adierazten duelako eta pentsamenduak hori behar duelako aberastuko bada». Asteartetik larunbatera lantegi, hitzaldi eta bideo emanaldiak izanen dira Donostiako Artelekun eta Koldo Mitxelenan, baita Errenteriako Mikelazulon ere.
DONOSTIA
«Periferiak jardunaldien bidez pentsatzeko leku publiko, plural eta kolektiboak sortu nahi ditugu, gogoetarako eta ekintzarako guneak», adierazi zuen Ixiar Rozas koordinatzaileak aurkezpenean. “Humano caracol” izenburua jarri diete asteartetik larunbatera bitarteko topaketei, «molusko hori nomadismoaren sinbolo baita eta pentsamenduak horixe behar baitu aberasteko». Hiru egile gonbidatu dituzte eta denek dute lotura barraskiloarekin. Dionisio Cañas idazlea, adibidez, New Yorken bizitu zen hogeita hamar urtez, eta mantsotasunaren beharrari buruzko poema idatzi zuen, “Humano caracol” izenekoa. Hiriko abiadari eta mugimenduari aurre egin nahi izan zion horrela.
Ekintza anitz
Barraskiloa zapatisten antolakuntzaren, autogestioaren eta komunitate mugimenduen sinbolo ere badela ohartarazi zuen Rozasek. Jardunaldietan izanen den hurrengo egileak, Ramon Verak, harreman zuzena du zapatistekin, baita beste hainbat autogestio prozesurekin eta indigena mugimendurekin ere. “La Jornada” egunkarian dihardu lanean, indigenen bizimoduaren berri ematen duen gehigarrian.Emine Sevgi Ozdamar idazle, antzerkigile eta aktore turkiarrak ere nomadismoa sustatzen du kutsu autobiografikoko liburuen bidez. “La vida es una caravasar” (1994) eta “La lengua de mi madre” (1996) dira lan batzuk. «Hiru gonbidatu horiek lagun ditugula, poesiaren eta bidaiaren arteko harremanak aztertuko ditugu, mapa literarioak marraztuko ditugu gure oroimenaren espazio nomadan», erran zuen Rozasek. Hainbat ekintza prestatu dute Koldo Mitxelenan, Artelekun eta Mikelazulon. “Humano caracol” dokumentalaren aurreneko zatia emanen dute, adibidez. Emine Sevgi Ozdamarrek eta Dionisio Cañasek gogoeta ugari egin dute Donostiarako bidean. Bat Berlindik etorri da eta bestea New Yorketik. Hausnarketa horiek dira oraindik bukatu gabe dagoen dokumentalaren abiapuntua. “Zubiak I. Hileta ibilbidea” izeneko performancea eginen dutela ere nabarmendu zuen Ixiar Rozasek. Antzerkiaren bitartez espazio publikoak berreskuratu beharra eramanen dute Donostiara. Bilbon, zubiak izan ziren antzezlekuak, baina oraingoan hiriko karriketan barrena ibiliko dira. Hitzaldi eta lantegiak eginen dituzte, baita irakurketa dramatizatuak ere, Emine Sevgi Ozdamar idazlearen argitaratu gabeko testu bat oinarri duena bata eta John Bergerren “Home” narrazioarena bestea. Ekitaldietara joan ezin duenak gonbidatuen bibliografia kontsultatu ahalko du Koldo Mitxelenan, baita bideoak ikusi ere: Gianni Celatiren “Visioni di case che crollano” (2003) eta Iban del Camporen eta Ixiar Rozasen “Gezurren labirintoa” (2004), esaterako. Jardunaldien koordinatzailea afixari buruz ere mintzatu zen: «Swoon New Yorkeko artistak egindako marrazki bat ageri da. Apirilean nolabaiteko museoa osatu zuen Bilboko alde zaharrean, Cantalojasen. Baina Udalak suntsitu egin zituen obrak», salatu zuen. Mikelazuloko Oier Gillenek elkartekoek jardunaldien mezuarekin bat egiten dutela baieztatu zuen. «Guretzat ere elkargune da sormena. Eta ideia hori indar handiz helaraztea espero dut».
|