GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-03
Asperger sindromea ezagutaraztea funtsezko jo du Gautena elkarteak
Mila biztanleko 3-4 bat pertsonak dute Asperger sindromea, hala ere, egun ezezaguna da. Nahasmendu hori duten gazteen gurasoen elkarteak sindrome hori gizartean ezagutaraztea bilatzen du, modu horretan detekzioa eta euren jarrerekiko errespetua hobetuko delakoan. Lehen pauso gisa hitzaldi sorta bat antolatu du.

DONOSTIA

Asperger sindromea autismo mota bat da eta, indarrean dauden irizpideen arabera, elkarreragin sozialaren alterazio kualitatiboa dakar, bai eta jokaera patroi eta interes eta jarduera murriztaile eta errepikakorra ere. Mila biztanleko 3 edo 4 bat pertsonak dute garapenaren nahaste hori, hala ere, oraindik ezezaguna da gizartean. Hori jakinarazi zuen, bederen, Gipuzkoako autismodun pertsonen gurasoen elkarteak, Gautenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Kutxako ordezkariekin batera atzo emandako prentsaurrekoan. Ezjakintasun horri erremedioa jartzeko, Gautenak hitzaldi sorta bat antolatu du.

Blanca Arangurenek, Gautenako Zuzendaritza Batzordeko idazkari eta Asperger sindromea duen gazte baten amak, kanpainaren xedeak azaldu zituen. «Alde batetik, sindromea ezagututa, bere detekzioa erraztu nahi dugu eta, bestalde, kalean gure seme-alaben jarrerak ulertuak eta errespetatuak izan daitezen bilatzen dugu, maiz alderdi horretan zailtasunak izaten baitira».

Gautenako medikuen zuzendari Ignacio Gallanok azaldu zuenez, lau-bost urterekin agertu ohi dira sindromearen lehen aztarnak. «Adin horretan modu berezian hitz egiten hasten dira, entonazio bereziarekin. Era berean, bere adineko haurrekin harremanetan jartzeko zailtasunak izan ohi dituzte, gaztetxogoekin primeran moldatzen badira ere», azaldu zuen.

Halaber, Gallanok aditzera eman zuenez, Asperger sindromea duten pertsonak «interes errepikakorrak» izaten hasten dira. «Interesgarria iruditzen zaien gai baten inguruan informazioa pilatzen hasten dira, eta horrek bere interes guztia hartzen du», azaldu zuen. Hala ere, medikuak zehaztu zuen sindromea duten haurren garapena oso ezberdina izan daitekeela batetik bestera.

Diagnosi goiztiarraren premia

Diagnosi goiztiarraren premiaz ere mintzatu ziren. Gallanok aditzera eman zuenez, zailtasunak izan dira Asperger sindromea detektatzeko. «Maiz gertatu izan da nahasmendu hau duten pertsonei beste gaitz bat diagnostikatzea», azaldu zuen .

Gallanok nabarmendu zuen, nahasteak, haurtzarotik identifikatu, diagnostikatu eta tratatzen ez bada, kalte nabarmenak eragin ditzakeela jarduera sozialean, lanean eta norbanakoarentzat garrantzitsuak diren beste jarduera batzuetan. Alde horretatik, proiektu berri bat esku artean dutela jakinarazi zuten. «CAST izena duen galdetegi zehatz batek osatzen duen proiektu hori indarrean jarriko balitz, Asperger nahastea detektatzeko tresna fidagarria edukiko litzateke Gipuzkoan, eta osasun eta hezkuntza sistemetan erabili ahal izango litzateke sei urteko haurren garapena zaintzeko protokolo estandar gisa», azaldu zuen Gallanok.

Urriak 5 (Kutxa, Andia kalea)

19.00: «Asperger daukaten pertsonen bizi maila», Javier Tamarit.

Urriak 19

19.00: «Asperger Nahastea:

> bere aurkikuntzatik eraberri- tzera», Peter Szatmari

Urriak 26

19.00: «Asperger nahastea daukan pertsona batekin bizitzen; esperientzia prak- tikoa», Joaquin Fuentes.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Aplicar la ley no es ceder ante la presión
Euskal Herria
Txapartegi identifica al jefe de los «peritos» como uno de sus torturadores
Ekonomia
Konsignaziodunen presidentea eta presidenteordea aske kargurik gabe
Jendartea
Los estadounidenses Fire y Mello se hacen con el Nobel de Medicina
Kultura
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ez dute joko 2006ko Bizkaiko txapelaren bila
Euskal Herria
La Audiencia Nacional autoriza que trasladen a De Juana a otro hospital
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss