Argentinan eta Sao Paulon aurkeztuko du Joseba Gotzonek azkeneko diskoa
Azken zortzi urteotan egindako kantak bildu ditu Joseba Gotzonek bederatzigarren diskoan, bidean enkarguzko beste disko batzuk tartekatu zitzaizkiolako. Atzo aurkeztu zuen «Gris» izenburuko lana. Lleidan hasiko du diskoaren aurkezpen itzulia Gotzonek, eta Argentina eta Sao Paulo bisitatuko ditu heldu den hilabetean.
BILBO
Etzi abiaraziko du Joseba Gotzon kantariak Lleidan kontzertua emanda euskal hiriburuetatik, Argentinatik eta Brasildik barrena egingo duen disko berriaren aurkezpen itzulia. Hilaren 19an Bilborocken izango da, eta 27an, Donostiako Lugaritzen. Argentinara egingo du hegaldia, eta azaroaren 2tik 7ra bitartean bost kontzertu emango ditu, bertako euskal etxeek antolatuta, antzokietan. Azaroaren 9an Sao Paulon kantatuko du eta Gasteizko Montehermoson du hitzordua azaroaren 23an; Bartzelona eta berriro Lleida bisitatuko ditu eta Gernikara itzuliko da azkenik. Bidaia luze horretan, Argentinan eta Brasilen bereziki, bere diskografia osoa erakutsiko du, bere zortzi diskoetatik hartuko ditu kontzertuetarako aleak, baina “Gris” izeneko azken diskoari lehentasuna emanez betiere. «Nire lehen bost diskoak pop musikaren arloan sar daitezke, baina gitarra elektrikoarekin eta teklatuarekin. Gero, musika klasikoaren arloan hasi nintzen lan batzuk egiten. ‘Noega’, ‘Historias y leyendas’, eta Euskal Selekzioari buruz atera nuen ‘Nortasuna’ etorri ziren gero. Dantza garaikidearen inguruko muntaia bat egin nuen segidan, eta ‘Fotopoemak’ diskoa atera nuen Marronda poetaren omenez. Pop eta klasikoaren arteko zubia da disko hori, eta orain berriro popera hurbildu naiz, baina soinu akustikoari eutsiz», laburbildu zuen Joseba Gotzonek.
Bateria (Edu Lapurtegi), baxua (Tato Gracia), pianoa, teklatuak (Medea Kurashvili) eta gitarra akustikoa eta klasikoa entzuten dira “Gris” diskoan, eta talde hori izango da aurkezpen itzulian lagunduko diona Katalunian eta Europan, Argentinan eta Brasilen bertako musikariak hartuko baditu ere. «Diskoa atera aurretik kontzertu zerrenda dezentea dut eta hori seinale ona da», esan zuen.
Eduki aldetik gai intimistak eta sozialak nahasten ditu. «Maitasuna eta poesia gizarte kritikarekin eta salaketarekin nahasten ditut. Disko honetan ere badira maitasunari buruzko hiruzpalau kanta, baina badira baita gerrari buruzkoak ere. Badago ‘Bagdag’ izeneko kanta bat, esaterako, Irakeko neska batek idatzitako olerki batean oinarrituta. Beste kanta guztien hitzak nireak dira», jarraitu zuen. Enkarguzko diskoak ere badira Joseba Gotzonen diskografian. Horietako bat izan zen “Nortasuna”. «Euskal Selekzioari buruzko liburua idatzi nuen eta horren gainean Andoni Egañak bertso sorta batzuk egin zituen eta une egokia zela erabaki nuen diskoa ateratzeko», kontatu zuen Joseba Gotzonek.
Katalanez abesten duen kanta baten historia
BILBO Diskoan bada katalanez kantatutako abesti bat, “I t’enyorem molt” izenekoa. «Badira 25 urte Lleidan lagun bat dudala, eta iaz emaztea hil zitzaion. Emakume horrek nire diskoen hitzak katalanera itzultzen zizkidan. Hileta elizkizunean agur bat idatzi zion emazteari, eta jendaurrean irakurri zuen. Nire kanta eskutitz horretan oinarrituta dago», esan zuen Joseba Gotzonek. Gertakari hori gogoan zuela erabaki zuen Joseba Gotzonek itzuliari hasiera Lleidan ematea. «Cafe del Teatren izango da kontzertua. Lehen ere kantatu izan dut leku horretan. Kataluniara gero eta gehiago joaten naiz. Azken diskoarekin, esate baterako, zortzi kontzertu eman nituen eta disko honekin baditut bost kontzertu hitz emanda», esan zuen kantariak. Argentinan egingo dituen kontzertuak ere euskal etxeetatik kanpo emango ditu, antzokietan gehienak. «Nik ahalegin berezia egin izan dut kanpoan gure kulturaren berri emateko. Euskal Herrian zirkuitu finkatu gutxi daude kontzertuak emateko, eta gure etorkizuna kanpoan dagoela uste dut», esan zuen.
|