Aurten ere Pantu eta Tomasen omenalditik etxera bueltatu gara sentimendu gazi-gozo batekin. Gazia gure senideen falta inoiz beteko ez den hutsunea delako, eta gozoa zuek gazteok hartutako lanak eta erakutsitako kemenak haien gogoak bizirik irauten duela adierazten digutelako.
Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko borrokan jasaten ari garen sufrimendua egun batean bukatuko den eta zuen borrokari esker negoziazio justu batera iritsiko garen esperantzarekin, eskerrak eman eta agurtzen zaituztegu.
Karmelo R. Lopategi - Pantu Lopategi eta Tomas Pérez Revilla familien partez
Urriarekin batera 2006-07ko ikasturtea martxan jartzeko garaia heldu da. Mintzapraktika programetan parte hartzeko matrikulazio kanpainak zabalik dira dagoeneko Euskal Herriko hiri eta herrietan. Egitasmoen Dinamizatzaileak egun hauetan jo eta su ari dira taldeak diseinatzen, parte hartzaileekin bilerak egiten, egitasmoaren nondik norakoak han-hemenka azaltzen, ekintza osagarriak prestatzen.Izan ere, Mintza Praktika programak gero eta gehiago hazten ari dira abian dauden tokietan. Sustatzaile eta parte hartzaileak konturatu baitira Mintza Praktika programak dituen baloreak ikaragarriak direla herriz herri eta hiriz hiriko erabileran eragiteko. Aisialdian garatzen dira programak, ez dute konpro- miso handiegirik eskatzen, sortzen den harremana atsegina da, lagun berriak egiten diraŠ
Mintza Praktika programen hartzaileak euskaldunak dira. Taldetxoak egiterakoan bi hiztun multzotan bereizten dira: Jariotasuna duten euskaldunak batetik eta ahozko hizkera trebatu beharra dutenak bestetik.
Taldeetan bi hiztun multzoetakoak egoten dira elkar ekintzan. Taldean denek ardura bera dute: euskaraz mintzatu. Jariotasuna dutenak beste taldekideentzako ispilua, makulua, bidelagu- na izaten dira, baina ez gaitezen engaina, denek eman eta jasotzen dute. Eguneroko kezkak, pozak, sentimenduak norekin konpartitu izatea ez baita gauza makala.
Talde txikiak egiten dira, horrela bermatzen baita konfiantzazko giroan denek mintza-praktika egiteko aukera izango dutela.
Ikasturtean zehar, taldetxoak astean behin biltzen dira normalean. Horretaz gain, ikasturtean zehar hainbatetan programako gainerako partaideekin biltzen dira antolatzen diren ekintza osagarrietan: hitzaldi, ikastaro, antzerki, ibilaldietanŠ Horiek balio erantsia daukate tokiko euskaldun gehiago ezagutzeko aukera eman eta harreman sarea zabaltzeko bide ematen baitute.
Harreman sareak ehuntzea, hori da Iruñerriko, Nafarroako eta Euskal Herriko euskaldunei Mintzakidek eskaintzen dien aukera. Berdin da nola, noiz edo non ikasi duzun hizkuntza. Euskaraz komunikatzeko gai bazara, izan zaitez Mintzakide edo berbalaguna edo mintzalagunaŠ ez zaizu damutuko eta!
Oskar Zapata Solano - Topaguneko Mintzapraktika Saila