Lurrama, laborantza hirira hurbiltzeko xedea duen lehen erakustazoka Baionan
Baionan antzeko erakustazoka bat antolatzen duten lehen aldia izango da. Helburua, Ipar Euskal Herrian hain garrantzitsua den laborantza esparrua hiritarrei ezagutaraztea. Xede horrekin, azaroaren lehen egunetan kostaldeko kontsumitzaileek ekoizpenen nondik norakoak bertatik ikusteko parada izango dute. EHLGren aspaldiko ideia gauzatu da hainbat eragileren parte-hartzeari esker. Azoka irekia izango da eta ekimen ugari izango da besta giroan igarotzeko.
BAIONA
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aspaldiko ideia egia bilakatu da, laborantza gizarteko eremu guztiak ukitzen dituen esparrua izaki, herritarrei ezagutaraztea baita bere xedeetako bat. Hala, hainbat eragilerekin elkartuta, Lurrama «La ferme basque» elkartea sortu dute Ipar Euskal Herrian lehen aldiz, azaroaren 2tik 5era Baionako Glain auzoan egingo duten nekazaritza erakustazoka antolatzeko.Marise Cachenaut-ek atzo Baionan adierazi zuen Lurramaren helburua «hiriko kontsumitzaileari euskal laborariek ekoizten duten janaria ezagutaraztea» dela eta, bide batez, «barnealdearen eta kostaldearen arteko loturak bultzatzea». «Behi ederrena edo gazta hoberena hautatzeko egiten den ohiko beste azoka bat baino zerbait gehiago» izateko asmoa dutela gaineratu zuen. Berentzat ekimena «benetako erronka» dela nabarmendu zuen. Izan ere, gertakaria bera baino harago, laborantza iraunkorraren ildoan doazen ekimenak bultzatu nahi dituzte. Besteren artean, jatetxe eta janari enpresetan salmenta dinamizatzeko, kontsumitzaileei bertako kalitatezko ekoizpenak jatera bultzatzeko edota tokiko agintariak ekoizpen horiek saltzeko guneak sortzera sentsibilizatzeko.
Bost gune berezituak
Sarrera doakoa duen azokara joango den hiritarrak bost gune bisitatzeko aukera izango du. Lehena, baserriko abereak bilduko dituena. Bertan, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Lapurdin gehien aurki daitezkeen abere arrazak eta artzaintzaren eta nekazaritzaren lan molde bereziak erakutsiko dituzte. Gainera, laborarien eguneroko lana ere ikusi ahalko da:behiak jezten, gazta egiten, ardiei ilea mozten...Bigarren gunean ekoizpenak ikusteko parada izango da. Kalitatezko ikurrei buruzko xehetasun guztiez informazioa zuzenean eskuratzeaz gain, berrogei bat ekoizleren produktuak erosi ahal izango dira bertan. Paraleloki, eztabaida eta mahai inguruak antolatuko dituzte hirugarren gunean, elikadurari buruz, Ipar eta Hego Euskal Herriak dituzten nekazaritza inguruneetan mendia nola kudeatzeari buruz edota zer laborantza mota behar duen gizarteak. Laugarren gunea haurrentzat izango da. Antolatzaileek ikuspegi pedagokikoa nabarmendu nahi izan dute, bereziki, belaunaldi gazteei begira. Hala, joko, lantegi eta bitarteko aproposen bidez, laborantza ezagutzeko aukera izango dute. Azokak iraungo duen lau egunetan festa eta jai giroa nagusi izango da eremu guztian baina gune berezitu bat ere egongo da bestarako. Zinema, dantza, bertako ekoizpenekin prestatutako otordu eta jakiak, fanfarreak, euskal kantuen gaua, pintxo-lehiaketa Baionako peńen eskutik, BABko dantza taldeek antolatutako mutxiko erraldoi bat igandean, kontzertuak eta beste.
Bazkari gastronomikoa
Gainera, igandean, Ipar Euskal Herriko hamabi sukaldari ospetsuk prestatutako bazkari gastronomikoa izango da, hori ere, tokiko ekoizpenekin egindakoa, noski. Hogeita bost euroan salduko dituzte bazkarirako txartelak, eta aldez aurretik eskuratzerik izango da Baionako Elkar megadendan, Donibane Garaziko Kuluxka liburu dendan eta Mauleko Herri Ekoizpenak dendan.Antolatzaileek Lurramaren izaera irekia eta antolakuntzan parte hartu duten elkarte ugariren inplikazioa nabarmendu zuten. Elkarlan horren bitartez, Euskal Herriko eta, bereziki, Baiona-Angelu-Biarritz hiriguneko elkarteen dinamikaren indarra agerian geratzen da. Baionako Herriko Etxeak eman dien laguntza eskertu zuten. Erakustazoka arrakastatsua izatea espero dute, hurrengo urteetan segida emateko asmo tinkoa dutelako.
«Ez dago Ganberaren aitortza ofizialik»
BAIONA Baionako Herriko Etxearen «erabateko babesa eta laguntza» jaso du Lurramaren azokak. Jean-Rene Etxegarai zinegotziak adierazi zuen Jean Grenet auzapezak begi onez ikusi zuela proiektua, eta Elkarteen Etxeen eraikin berriaren azpiegiturak uztea deliberatu zuela. Erabaki horrekin auzapezak Laborantza Ganberari inolako aitortza ofiziala ez diola eman zehaztu zuen Etxegaraik kazetariek eginiko galderei erantzunez: «Nik dakidanez, Frantzian elkartzeko askatasuna indarrean dago eta Herriko Etxeak, laborantza esparrua bultzatzeko, hainbat elkartek antolatutako ekimen interesgarri, original eta askotarikoa lagunduko du. Hortik bakoitzak egin ditzala nahi dituen irakurketak». Baldintzak Laborantza Ganbera onartzen ez duen Suprefeturaren oniritzia eskuratzeko ere «trebezia tanta batzuk behar izan direla» aitortu zuen alkateorde Etxegaraik. «Ekimena iragarri zuten xede eta helburuetara mugatuko dela eta beste helburu politikoetara ez dela desbideratuko ziurtatu du antolakuntzak», adierazi zuen.
|