Baiona Berriak hirigintzari buruzko eztabaida hasiko du
Atzo egindako prentsaurrekoan, Herriko Etxea egiten ari den Hirigintzako Udal Plana (PLU) aurrera eramateko moldea kritikatu zuen Baiona Berria oposizioko talde abertzaleak. Horiek hala, eztabaida publiko «erreal» bat hasi nahi duela jakinarazi zuen. Udalak euskararen alde egingo duen lanaren eta jaien gainean ere mintzatu zen.
BAIONA
Baiona Berriak atzoko prentsaurrekoan Hirigintzako Udal Planaren garrantzia nabarmendu zuen. Taldeko kide Beatriz Peyrucq-ek azaldu zuenez, plana azaroan aurkeztuko dute publikoki, eta behin zehaztuta, hiriaren hirigintzaren norabidea urteetan finkatuta geldituko da. PLU garatzeko Herriko Etxea egiten ari den desmartxa kritikatu zuen Peyrucq-ek, inongo adostasunik gabe aurrera eramaten ari baita.Bestalde, Baionako PLU Hiriko Udal Batzordean ez dutela bozkatuko, eta Baionako, Angeluko eta Biarrizko hiri elkargoan bakarrik bozkatuko dutela jakinarazi zuen. Horrek inongo koherentziarik ez duela eta arazoak ekarriko dituela adierazi zuen Peyrucq-ek; izan ere, ez baitago inongo hausnarketa bateraturik hiri elkargoko hiru kideen artean. Beste alde batetik, PLUk hiriaren gaindiko beste planekin izan behar duen bateragarritasunari buruz zenbait akats atzeman ditu Baiona Berriak. Esate baterako, Lurraldeko Koherentzia Planarekin (SCOT) bat egin behar du PLUk, eta lehendabiziko hori oraindik egin gabe dago. PLUri buruzko inkesta publikoa hurrengo azaroaren batean hasiko dela eta bost edo sei asteren ondoren hiriko Udal Kontseiluak bere iritzia emango duela jakinarazi zuen Baiona Berriak, nahiz eta datu horiek ofizialak ez direla nabarmendu zuen. Hirigintzako Udal Planak duen garrantzia kontuan hartuta, inkesta publikoak irauten duen bitartean biztanleek dokumentuak eta ikertzaileen iritziak aztertu ahal izatea nahi du taldeak, eta gero gizartearen iritzia ezagutzea; hau da, eztabaida soziala izatea. Hori guztia egiteko epea motzegia dela uste du Baiona Berriak, eta alerta piztu nahi du eztabaida komunikabideetara eramateko. Talde politikoak planaren kritika konstruktiboa eginen duela aditzera eman du.
Baionako bestak
Baiona Berriak hiriko bestei buruzko bere iritzia ere plazaratu zuen atzoko prentsaurrekoan, aferak gizartean sortu duen eztabaidan parte hartzeko. Talde abertzalearen ustez, hiriko jaien arazoa konpontzeko ardatz nagusia antolaketa «benetan demokratikoa» bilakatzea litzateke. Hiriko auzapez Jean Grenet-ek jaiak «autokrata» batek bezala antolatzen dituela adierazi zuen Jean Marc Abadiek, gaia jorratu zuenak. Gauzak horrela izan ez daitezen, adostasuna eta hausnarketa beharrezkoak direla gehitu zuen. Sexu erasoen aferaren gainean Grenet Euskal Herriko Emakumeen Kolektiboarekin mintzatu izana aurrerapauso bat dela pentsatzen du Baiona Berriak. Aldi berean, arazoa auzapezak bere gain hartu ez duen eta bere inguruan sobera eramaten ari ez den beldur agertu da talde abertzalea. Horregatik, afera hori ere eztabaida zabalaren barnean sartu beharko litzatekeela adierazi zuen Jean Marc Abadiek.
Baionako Herriko Etxeak euskararen alde lan egingo du
Baiona Berria talde abertzaleak atzo jakinarazi zuen hiriko Herriko Etxeak euskararen alde lanean hasteko plangintza bat martxan jarriko duela, nahiz eta oraindik ez duen adierazi zertan datzan zehazki. Informazio hori dela-eta, talde abertzaleak euskararako plangintza adostasunean sortzeko eskatu zuen, eta hainbat betebehar zehaztu zituen.-
|