Ilune BASTERRA
Oaxacako aldarrikapenak Mexiko D.F.n
gaur iristekoa da mexikoko hiriburura «marcha caminata popular por la dignidad de los pueblos de oaxaca» lelopeko martxa. oaxacatik abiatu da eta mexikoko hainbat estatu xeharkatzen ari da. ibilbide malkartsua izaten ari da, bidean hamaika oztopo eta eraso jasan izan baitu. baina, era berean, igarotako herri bakoitzaren elkartasun eta babesari esker aurrera egin du.
Martxa D.F. hirira iritsi bitartean, Oaxaca de Juarez hiriburuan alerta gorria ez da desagertu, eta herriak erne eta tinko jarraitzen du babesten dituzten barrikadak indartuz edota brigada ezberdinetan antolatuz.Oaxaca tradizio borrokalari handiko herria zela esan ziguten Irakasleen Mugimenduko kideek, eta izaera horri kasu eginez, gobernuburuaren kanporaketa gauzatu arte lubakietan izanen dira oaxacarrak. Baina bada desberdintasun nabarmen bat hilabeteotan eztanda egin duen gatazkan, urteetan zehar Irakasleen Mugimenduaren borrokarengandik bereizten duena eta berebiziko garrantzia izan dezakeena aurrerantzean. Izan ere, oraingoan Oaxaca estatuko ezkerreko eragile sozial eta politiko gehienak bildu dira asanbladan aldarrikapen bakarrarekin. Ezberdintasunak alde batera utzi eta Asamblea Popular de los Pueblos de Oaxaca-n (APPO) bat egin zuten gobernuburuaren erorketaren helburuaren inguruan indarrak biltzeko. Beraz, eta mexikar botere mediatikoek sinestarazi nahi dutenaren aurka, gatazkaren iturburua ez da Irakasleen Mugimenduak urtero-urtero borrokatzen dituen eskubide sozioekonomikoen afera, baizik eta legitimitate defizit izugarria duen agintari baten “diktablanda”. Izan ere, herritarrek salatzen dutenaren arabera, PRIko hautagaia izanik, Vicente Foxen (PAN) politikaren jarraipena egiteko akordio izkutuaren ondorioz dago Ulises Ruiz Ortiz (URO) agintean.
Irakasleen ekarpena Honek ez du esan nahi, ordea, Irakasleen Mugimenduak garrantzizko papera jokatzen ez duenik guzti honetan. Izan ere, Oaxacako herri mugimenduaren suspertzean izandako eragina ezaguna da eta, gainera, APPOren sorrera ulertzeko ezin dugu ahaztu hiru egun lehenago Estatuko Gobernuak burututako desalojo saiakera basatia. Hala eta guztiz ere, argi dago hau ez dela izan batasun nazional hori gauzatzeko aitzakia, herri mugimendu eta eragile asko baiziharduten egitasmo hau aurrera ateratzeko lanean Irakasleen Mugimendua bortizki erasotua izan aurretik ere. Egoera hura, leherkaria besterik ez zen izan.
Orduz geroztik, asanbladako kideek hiriburuko erdialdean kokatu zuten kanpalekua eta aurretik (maiatzaren 22tik) zegoen Irakasleen plantoiak dimentsio zabalagoa hartu zuen. Pixkanaka, eta herritarren babesa areagotzen zihoan neurrian, hauen kontrako erasoak hasi ziren. Boteredunak, ohi duen bezala, mota guztietako tresnak baliatuz egin du mugimenduaren kontra, gizarte zibilaren kontra; gezurren bidezko manipulazioa izan da nagusi hedabide nagusietan, herritarrak herriaren aurka jartzeko helburuarekin; «porroak» antolatu ditu intentsitate baxuko gudarako, gurean «guda zikina» bezala ezagutzen dugun horretarako; merkatarien greba bultzatu du (mugimenduak sortutako «kalte ekonomikoak» salatzeko), honen testuinguruan gobernuburuak zuzenduriko indarkeria ekintzak APPOko kideei leporatu asmoz (autobusak erretzea edo egoitza ezberdinak erasotzea, adibidez); hiriko erdialde edo zentru historikoa babesten duten barrikaden kontrako erasoak areagotu egin dira, baita hauek zaintzen diharduten kideen kontrakoak ere; azken albisteen arabera, unibertsitateko ikasle bat bahitua izan da eta bere bizia arriskuan dago. Baina honen guztiaren parez pare, errepresio gordinenari aurre egiteko prest azaltzen zaigun Oaxacako herri mugimendua dugu, erresistentzia aktibo eta baketsuaren bidez honezkero laugarrena litzatekeen gobernuburua bota arte etsiko ez duena. Euren adiera bat gure eginez, hiltzear dagoenaren azken isatskada baita, azken erasoaldia, eta herria honi eusteko prestatzen ari da, zeren.. «¡ya cayó, ya cayó, Ulises ya cayó!».Maiatzean berpiztu zen gatazka honek, baina, Oaxaca estatuko mugak gainditu ditu eta orain, nazio osoko afera bihurtu da. Horregatik arazo hau jotzen dute Gobernu berriaren lehen erronka edo proba. Eta zer esanik ez, Gobernua uzten duen Foxen azken arduragabekeria. Oraindik orain, auzi gatazkatsu hori zeinen eskuetan geratuko den ez dago oso argi.
Helikopteroak hiriaren gainean Hautagai berriak «espediente irekirik gabe» hartu nahi du boterea eta besteak, ordea, «estatu mailako gatazka» izanagatik bere partehartzea arbuiatzen jarraitzen du. Bitartean, gobernuburuaren indarra erabiltzeko eskakizuna aztertzen dihardute Exekutiboan, Polizia Federal Prebentiboaren neurrigabeko erasoa (gogoan izan Atencoko gertakariak) ordu batzuetako kontua dela dirudielarik. Dagoeneko Armadako eta Poliziako helikopteroak egoeraren inguruko azterketa egiten hasiak dira, hiri erdialdearen gainetik hegan eginez.
Testuinguru honetan, indar politiko guztiek euren jarrera jarri dute mahai gainean. Gehienak indarra erabiltzearen kontra azaldu dira, noski. Indarra, negoziaketak porrot egitekotan erabiltzekoa baita! Eta hemen argitu beharreko kontu bat dago; negoziaketa horretarako borondatea ez dela sekula santan existitu gobernuburuaren aldetik, eta hain zuzen ere, arrazoi honengatik hartu duela APPOk URO jauna kargutik kendu eta honek menperatutako Oaxacako botereak desagertarazteko determinazioa. Hau da, herriarentzat ez dago hori eztabaidatzerik eta gobernuburuak kargua uztea ez litzateke balizko negoziaketa batean sartuko. Euskal Herritik ere, eta bereziki joan den udan Mexicon izateko aukera izan dugunok, Oaxacara begira jarraitzen dugu. Ezin da ukatu indar errepresiboen sarrerak ikaratzen gaituela. Baina aldi berean ziur gaude, hala erakutsi zigutelako, oaxacar herriak jakingo diola erantzuten eta borrokan jarraituko duela bere helburuak erdietsi arte. Guretzat ere URO jada ez da agintari, are gehiago, herri boterearen eraikuntzan urrats atzeraezinak eman dituzte dagoeneko, errepresiorik bortitzenak ezaba ezin dezakeen demokrazia eta justizia grina inoiz baino indartsuagoa baita. - (*) Ilune Basterra Txurruka: Mexikon izandako Askapenako brigadaren izenean
|