GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-08
Egoitz Askasibar eta Martxel Toledo - ESAITeko kideak
Kirol selekzioen erabilpena

Kirola, lehiakortasun jokoa izatetik baino haratago doan fenomenoa da eta egungo gizarte modernoan, identifikazio kolektiborako erreferente bilakatzeaz gain, nortasun kolektiborako baieztapen tresna garrantzitsu ere bilakatu da. Selekzio nazionalei dagokienez zehazki, nortasun kolektiborako baieztapen hori selekzioa ordezkatzen den lurraldearekiko ematen da. Nolabait sinplifikatuz, herri bateko identitate kolektiboa nabarmendu eta bultzatzeko mekanismoak sorrarazten ditu, elementu sinbolikoarekiko lotura afektiboen bitartez ­selekzioak­.

Horrek, haien nazio eraikuntza amaitu gabe duten herrientzat, biziraupena arriskuan edota beste estatu baten Administrazioaren menpean dauden herrientzat, herriarekiko atxikimendu eta lotura sinbolikoak ­komunitatearen osaera­ garatzeko tresna bilaka daitezke. Modu berean, lurralde hori bere menpe duen eta kontzepzio nazional kontrajarria duen estatu batentzat, funtsezkoa da bere interesen aurkako atxikimendu mekanismoak ­selekzioen garapena­ oztopatzea. Espainiar Estatuari dagokionez, egoera honetan aurkitzen da, eta Euskal Herriko zein Kataluniako selekzioen ofizialtasunaren aldeko saio oro, Estatu kontu edo arazo bihurtu ditu. Horrela, selekzio ofizial bat lortzeko aukera dugunean ­nazioarteko elkarte baten sarrera lortu­, Estatuak bere aparailu osoa mugitzen du, enbaxada eta diplomaziak, Atzerri Arazoetarako Ministerioa edota Kirol Kontseilu Gorena eta horretarako mugarik gabeko aurrekontua erabiliz. Espainiar Estatuarentzat estrategikoa da estatua osatzen duten herrien selekzioen ofizialtasunaren lorpena ekiditea. Testuinguru horretan kokatu behar dira Espainiak egin izan dituen saio eta eraso guztiak ­azkenekoa Kataluniako hockey selekzioaren ingurukoa­.

Futbolaren atalari dagokionez, ez da kasualitatea espainiar Estatuak FIFAko barne araudia aldarazi izana euskaldunok eta katalanek inoiz izan ez dezagun futboleko selekzio ofizialik. Horregatik, ofizialtasunik ezean, partidek lelo bat izatekotan, inposizio hori salatzera eta ofizialtasuna aldarrikatzera bideraturiko leloa izan beharko lukete, edo behintzat, leloen lehentasunen agendan ikusi beharko genuke. Horregatik gure harridura leloa ezagutu genuenetik. Izan ere, gaur jokatuko den partidari begira, ofizialtasuna bilatzen duten estaturik gabeko bi nazio ditugunean, partidaren izaera aldarrikatzailea etorriko litzaioke edonori burura. Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko ez legoke aliatu natural aproposagorik, ezta une eta leku aproposagorik ere. Eta aukera horren aurrean aldarrikapen hura ekiditeko, ofizialtasunarena, eta partidak izan lezakeen potentzial guztia desaktibatzeko eta izan beharko lukeen izaera desitxuratzeko, ideia bikaina bururatu omen zitzaien ofizialtasunaren bidean oztopoak ipini nahi dituztenei, espainiar futbol federaziokoei: beste lelo batez partidaren karakterizazioa aldatu, mahai gainean egon beharko lukeen eztabaida ekidin eta horrela norgehiagoka inolako kirol aldarrikapen edukirik gabeko orgia folkloriko bihurtu. Eta nor ausartuko da bada bakearen leloaren aurrean ezer esaten? Hori bai, agindua oso argia zen: partiduaren izaera soilik lelo horren ingurukoa, beste ezer, partidatik kanpo. Ofizialtasunaren aldarrikapena debekaturik zelai barruan. Horrela lortu nahi zuen espainiar federazioak euskal- dunen eta katalanen aurrean genuen aukera usteltzea. Eta espainiar federazioaren esanak euskal eta Kataluniako federazioen izan bilakatu ziren. Euskal federazioko buruek men egin zieten espainiar federaziokoen eskaerei. Duela egun gutxi Avui Kataluniako egunkariak geneukan susmo hori konfirmatu zuen.

Eta soilik hipotesi hori izanda uler liteke Euskadiko federazioak ESAITekiko izandako jarrera azken asteetan. Abuztutik ESAIT federaziora deika ea noiz bilduko eta federazioak aitzakiak erabiliz bilera atzeratuz saiatzen. ESAITek, partidak eskaintzen zuen potentzialitateaz jabeturik, partidara ahalik eta zale gehien eramateko asmoa zuen, aldarrikapenerako marko berezi batean aurrean geundelakoan. Horregatik, munduko borondate onenarekin, eta denbora premia zela-eta, federazioarekin bildu aurretik hasi zen Bartzelonarako bidaia antolatzen. Federazioarekin bilera irailaren 22an izan genuen azkenean. Hiru gutxienez- ko eskakizun luzatu genizkien: bat, bi selekzioko jokalariak partida hasi aurretik ofizialtasuna euskaraz eta katalanez jartzen zuen pankartarekin argazki bat ateratzea, bi, bi selekziotako jokalari baten presentziarekin ESAITek eta Kataluniako plataformak prentsaurreko bat ematea larunbateko entrenamenduaren ostean eta hiru, Euskal Herritik Bartzelonara partida ikustera joango ziren zaleei sarrerak eskura jartzea eta ahal izanez gero, horiek doan izatea. Mementoan, logikoa iruditzen zitzaiela eta Kataluniako Federazioari planteatuko zietela esan ziguten. Ordurako leloaren edukia ezagutzen zutela begi-bistan da baina, hala ere, ez ziguten horren inguruan ezertxo ere esan. Eta egunak pasa ziren erantzunik jaso gabe. Prentsaurrekoa irailaren 26- rako jarri genuen gehiago ezin genuelako itxaron, eta erantzuteko tarte logiko bat aurrez ikusten genuelako. Baina erantzunik gabe eman behar izan genuen. Egun berean jabetu ginen prentsa bitartez partidaren izaera berriaz. Horregatik, eta horren guztiaren atzetik zerion kiratsa aurretiaz usainduz, irailaren 27an jada ultimatum moduan luzatu genizkien eskakizun berberak. Erantzuna 28an iritsi zitzaigun. Ez zelaian ofizialtasunaren aldarrikapenik, ez aurreko egu- neko jokalarien prentsaurrekorik ezta sarreren inguruan haien aldetik inolako gestiorik ere. Hori izan da Euskadiko federazioak ESAITekiko azaldu duen elkarlanerako jarrera. Inoiz baino age- riago geratu da Euskadiko Federaziokoek Espainiar Federaziokoekin eskutik joatea nahiago dutela ESAITekin elkarlanean ofizialtasunera bidean pausoak ematea baino. Lotsagarriak benetan iruditu zaizkigu Federazioko presidentearen azken adierazpen batzuk, espainiar presidenteari eskerrak ematea edota Gibraltarren lorpenaren inguruan, zoriondu eta ikaspenak jaso beharrean, ironikoki eta inolako errespetu barik ­¿y dónde van a jugar, en un portaaviones?­ eginiko adierazpenak. Soilik falta izan zaio «Gibraltar español» oihukatzea. Espainiar federazioarekiko lotura eta menpekotasuna agerian utzi du.

Baina ez dezatela inor engainatu. Ofizialtasunaren etsaien eskutik joanda nekez lortuko dugu inoiz euskal herriko selekzio ofizial bat ikustea. Jai dugu ofizialtasunaren dinamikaren gidaritza espainiar Federazioen esku uzten badugu. Federazioak etekin ekonomiko handia ateratzen du halako lagun arteko partida batekin, eta horrekin konformatzen direla ematen du. Lagun arteko partiden putzuan irten ezinik aurkitzen gara, eta jokamolde hauek dinamika horretan usteltzera garamatzate. Hau ez da bidea. Urrats kualitatibo berriak egiteko garaia iritsi da, ilusioa agortzen ari delako eta ofizialtasuna benetan eskuratzeko sinesgarritasuna galtzen ari delako. Egoera larria da. Selekzioen ofizialtasunaren afera agendan dagokion lekuan kokatu behar da, eta horretarako guztion artean esfortzuak biderkatu beharko ditugu, are gehiago, Euskadiko Federaziokoen jarrera ikusirik. Eta dagokion garrantzi hori eskuratzeko aldarrikapena funtsezkoa dugu. Bartzelonan aukera paregabea izango dugu horretarako. Federaziokoek ofizialtasuna aldarrikatzeko zelaian debekatu duten pankarta guk eta zaleok eutsiko dugu Camp Noun sarreran igandean arratsaldeko bostetan bertan deitzen dugun elkarretaratzean. Inoiz baino ozenago, inolako oztopoen gainetik, aldarrikapenerako ordua iritsi da. Deialdia luzatu nahi dizuegu bada, guztioi, jokalari, zale, herritar... partida honetako aukera hau galdu ez dezagun eta aldarrikapen erauntsi bat bultza dezagun. Soilik horrela izango dugulako posible indarrak metatuz, jauzi berriak ematea eta egunen baten ofizialtasuna egi bilakaturik ikustea. Guztion artean lor dezakegulako eta lortuko dugu- lako, Gora Euskal Herriko selekzioa! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«La UE no debe dar respuestas al conflicto, pero sí impulsar el proceso»
Kirolak
Hodei Collazo da la gran sorpresa y elimina a Knox
Euskal Herria
Konponbiderako Mahaia osatzeko dei egin dute berriz OHDren sinatzaileek
Mundua
Bigarren negua kale gorrian ustelkeriagatik
Euskal Herria
Miles de personas exigen respeto a los derechos de los presos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss