Konponbiderako Mahaia osatzeko dei egin dute berriz OHDren sinatzaileek
Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren (OHD) sinatzaileak kalera atera ziren atzo Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen (Baionan herenegun) «Konponbiderako Mahaia Orain» lelopean. Alderdien mahaia lehenbailehen martxan jartzeko exijitu zuten eta eginkizun hori erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dela aldarrikatu zuten. Gobernu espainolari gatazkaren muinari politikoki ekiteko eskatu zioten «blokeo egoera amai dadin».
BILBO
Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaileek Konponbiderako Mahaia lehenbailehen martxan jartzeko eskatu zuten atzo berriz ere eta eginkizun horrek euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarrituta egon behar duela ere aldarrikatu zuten. Horixe azaldu zuten Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean egindako elkarretaratzeetan (Baionan herenegun egin zuten) eta horren aldeko lanean aritu daitezen deia egin zieten Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei.Parte-hartzaileen artean aurpegi ezagunak ikusi ziren atzo. Horrela, Bilboko Arriaga plazan Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa izan zen, baita Batasuneko Ibon Arbulu, EAko Israel Brull eta Joxerra Fernandez de Larrinoa, LABeko Txutxi Ariznabarreta eta Itziar Fernandez OHDko kidea ere. Donostiako Bulebarrean, berriz, Batasuneko bozeramaile Joseba Permach eta LABeko idazkari nagusi Rafa Diez izan ziren. Iruñeko udaletxe aurrean Batasuneko Pernando Barrena egon zen pankarta atzean, besteak beste. Gainera, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten eragile askoren ordezkariak ere kalera atera ziren atzo, beste batzuen artean, Gurasoak, Etxerat, AEK, EHNE, Sortzen-Ikasbatuaz, EILAS, HIRU, EAE-ANV eta Zutik.
«Prozesuaren desblokeoa» Elkarretaratze guztietan mezu bera helarazi zioten euskal gizarteari: «Bada garaia denok konponbidearen aldeko gure jarrera berrets dezagun. Horrek Konponbiderako Mahaiaren behar larria nabarmentzera garamatza prozesuaren desblokeo eraginkorra praktikan eman dadin», nabarmendu zuten.
Testuinguru horretan, ETAk su-eten iraunkorra indarrean jarri zuenetik igarotako sei hilabeteetan «aurrerapen gutxi» eman direla deitoratu zuten. «Inor gutxik pentsa zezakeen garai hartan Konponbiderako Mahaia eratu gabe prozesua blokeo egoeran aurkituko zenik», agertu zuten.Blokeo horren arrazoiak «nabariak» direla ziurtatu zuten eta Gobernu espainolak euskal gatazka ETAren jarduerarekin identifikatzen duela gogorarazi zuten. Hortaz, adierazi zuten «gatazkaren muinari politikoki heldu beharrean baketze eskema huts bat sustatzeko tentazioa» duela oraindik Madrilgo Gobernuak, «gatazka politikoa elikatzen duten zutoinak» ez dituela ukitzen, hau da, «Euskal Herriko lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea» . Horren aurrean, baina, Konponbiderako Mahaiak lortu behar dituen akordioak «euskal herritar guztioi gure etorkizunaz galdetzeko eskubidearen errespetuan» oinarritu behar direla aldarrikatu zuten Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren ordezkariek.
Europako babesa Europako Legebiltzarrak hilaren 25erako gatazka mintzagai izango duen osoko bilkura antolatzeko ekimena berriro ere txalotu zuten. Ziurtatu zutenez, ekimen horrek «konponbidea nazioarteko eragile instituzional nagusien agendan dagoela eta euskal gatazka Europaren kezka eta arazo ere badela» agerian uzten du. «Gure itxaropena da osoko bilkura horretan hitzartuko den ebazpenean konponbide politikoaren aldeko aldarria jasotzea, baita konponbidea sustatzeko programa eta laguntza bereziak antolatzeko oinarria izango dela ere», nabarmendu zuten.
Azkenik, egindako mobilizazioen bidez euskal herritarrei «konponbidearen aldeko defentsan kalera atera eta inplika-tzeko bide bat» eskaini nahi dietela adierazi zuten. Horrelaxe egin zuten askok atzoko deialdietan.
|