San Fausto Jaiak Basaurin
Atertu egin zuen eta jaiari lekua utzi zion «Kurrus»ek
Euria gelditu egin zen atzo Basaurin jaien hasierari errespetua erakusteko. Udaletxe aurrean koadrilak zeudelarik, «Kurrus» trikitilari ezagunak bota zuen pregoia; egon ezin direnak gogoratu zituen eta euskararen eta musikaren aldeko aldarrikapena egin zuen balkoitik. Txupinazoaren eztanda eta gero lonjak zabaldu eta zurrakapotea dastatu zuten.
BASAURI
Basauri jaietan da dagoeneko. Atzo arratsaldean, ohitura den moduan, herriko koadrilak batu ziren udaletxe aurrean alkate txikien eta Eskarabileraren aurkezpena ikusteko, alkatearen eta herriko taldeen agurra entzuteko eta aurtengo pregoilariaren emanaldia ikusteko.Arrazoi desberdinak direla medio jaietan izango ez diren basauriarrak ekarri zituen gogora Kurrus-ek eta, era berean, haurrak, euskara eta musika goraipatu zituen bere auzokideen aurrean. Txupinazoa jaurti eta gero, koadrilen lonjak zabaldu zituzten eta 4.000 litro zurrakapote dastatzen hasi zen. Hainbat ekitaldi izango dira gaur Basaurin, hala nola, gaita-jotzaileak, mikologia, trikitilariak (hor espero da berriz ere Kurrus ikustea, jo eta ke), umeentzako antzerkia eta bike triala. Ohitura denez, arratsaldean Basozelain giro aparta izango da, Baskonia eta Santurtzi futbol taldeak aurrez aurre izango baitira. San Faustineko “Actos para lelos” antolatzen duen lagun taldeak futbol zelaian barre egiteko aurten esku artean zer duen ez jakiteak ikusmina sortu du. Euskal erromeria izango da geroago San Fausto plazan eta ondoren txistorra jana, Urkoren emanaldiaren aurretik.
|