Lakuak erabakitzeko eskubidea defendatu du
·Agirreren Jaurlaritza omendu du Ibarretxek Gobernu hura osatu zeneko 70. urtemugan
Jose Antonio Agirre lehendakari zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza omendu zuen atzo Lakuak, Gobernu hura osatu zeneko 70 urte bete zirenean. Agirre, sailburuak eta haien senideak izan zituen gogoan Juan Jose Ibarretxek, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatuko duela adierazi zuen.
GERNIKA
Gernikako Juntetxean osatu zen, atzo 70 urte, lehenengo Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirre buru zuela. Urtemuga hori ospatu nahi izan zuen Lakuako Gobernuak, duela 70 urteko Gobernua osatu zutenak eta haien senitartekoak omentzeko eta «justiziaren eta askatasunaren alde egin zuten lan goraipagarria» eskertzeko.Hirukoak bilkura egin eta adierazpena hitzartu zuen, lehendakariak Juntetxean bildutakoei irakurritakoa. Idatzi horretan, besteren artean, lehenengo Jaurlaritzak «gure herriaren askatasuna eta nortasuna defendatu» zituela nabarmentzen da, «faxismo totalitarioaren aurrean». Gainera, 1936ko estatu kolpea ere gaitzesten da, baita ondotik etorri zen diktadura frankista ere, «40 urtez giza eskubide oinarrizkoenak urratu zituena eta Estatu espainoleko herri ezberdinen nortasun nazionalereko eskubidea erreprimitu zuena, batik bat Euskal Herriarena». Bere Gobernuak azaldu zuen duela zazpi hamarkada sortu zeneko hark «gidaturiko Euskadiko bakearen, gizarte justiziaren eta askatasunaren balioak» bere egiten dituela, «hori baita gure gaurko eta etorkizuneko jarduna zuzentzen duen itsasargia». Jose Antonio Agirreren Gobernuko Osasun sailburu eta Union Republicabanako militante izandako Alfredo Espinosa ere ekarri zuen gogora Ibarretxek, «balio haien sinbolo gisa», eta Espinosak berak fusilatua izan baino ordu batzuk lehenago Agirreri igorritako eskutitza irakurri zuen. Ibarretxeren Gobernuaren lehentasuna «elkartasunaren eta gizarte justiziaren irizpideetatik abiatuta bakean oinarritutako gizartea osatzea» dela gaineratu zuen, eta Euskal Herriaren borondate demokratikoaren defentsarekiko konpromisoa nabarmendu. Hain justu, «munduko gainerako herriekiko elkartasunean eta berdintasunean», herri honi «bere geroa erabakitzeko eskubidea» dagokiola esan zuen. Joseba Agirrek, lehenengo lehendakariaren semeak, omenaldia eskertu zuen: «Atera gara ahanzturatik. Tragedia baten lekuko izan gara eta inork ez digu barkamenik eskatu».
|