- Errugbia
Dimitri Yachviliren puntuek erabaki zuten Agilerako norgehiagoka
·Bobok egin du euskaldunen entsegua, eta beste puntu guztiak jaurtitzailearenak dira
BIARRITZ 25 PERPINYA 10 Biarritz: Gobelet, Bidabe, Cabannes, Traille, Bobo, Peyrelongue, Yachvili, Dridi (Hall, 53.m), Harinordoki, Betsen, Couzinet, Thion, Wessels, August, (Noirot, 70.m), Lealamanua (Drogon, 79.m). Perpinya: Grandclaude, Bomati (Snyman, 41.m), Marty, Hume, Naulu, Meyer, Durand, Goutta (Vaki, 41.m), Alvarez-Kairelis (Bortolaso, 48.m), Le Corvec, Hines (Gaston, 57.m), Olibeau, Mas (Bozzi, 66.m), Guirado, Freshwater (Debaty, 76.m). Arbitro: Dubes. Couzinet eta Grandclauderi erakutsi zien txartel horia. Markagailua: Entsegu bat: Bobo (5.m), transformazio bat eta sei zigor-kolpe Yachvilik (18., 26., 35., 68., 76., 80.m). Perpinya: Entsegu bat: Naulu (27.m), transformazio bat Meyerek, eta zigor-kolpe bat (45.m). Gorabeherak: 7.000 ikusle batu ziren Agileran norgehiagoka ikusteko.
BIARRITZ
Biarritzek berriro ere garaipenen bidea hartu du azkeneko bi jardunaldietan galdu ostean. Ez zen partida handia izan, baina garrantzitsuena irabaztea zen, eta are gehiago aurrean aurkari zuzen bat izanda. Zuri-gorriek, beraz, hori lortu zuten.Gauzak oso ongi hasi ziren euskaldunentzat, bosgarren minutuan Bobok entsegua lortu baitzuen, eta Yachvilik transformatu egin zuen. Bobok partida dezente eman behar izan ditu geldirik, min hartuta egon baita, eta atzoko itzulera ezin hobea izan zuen. Hortik aitzinera, atzelariak aurrelariak baino hobeak izan ziren. Entseguak lortzeko oso aukera gutxi izan ziren, eta beste bat bakarrik ikusi ahal izan zen, eta hori, gainera, kanpotarrek egin zuten. Horrelakoetan jaurtiketek erabakitzen dituzte gauzak, eta Biarritzek Yacvvili dauka taldean, eta horrek puntu asko segurtatzen dizkio talde zuri-gorriari. Atzokoan ere oso huts gutxi egin zituen, eta berriro ere lapurtarren jokalaririk onena bihurtu zen. Atzoko garaipenak, ordea, ez dio balio talde lapurtarrari sailkapenean gorantz egiteko, eta laugarren postuan jarraituko du, nahiz eta Perpinya bezalako talde bat menderatzeak indarra eman behar dion.
|