BILBO
EHUko Arte Ederretako fakultateko lizentziadun berriek euren esperientzia artistikoaren berri ematen dute hilaren 14a bitarte irekita egongo den erakusketan. Bere bitartez, unibertsitateko esparrutik atera eta ikusleekin lehen harremanetako bat bideratzen dute.«Hemeretzi erakusketei buruzko atzera begirako argazki panoramiko bat belaunaldi-pantaila baten modura azaltzen zaigu, unez uneko estruktura sozial eta teknologikoak artearen joerekin batera erakutsiz. Lehenengo urteetako (80ko hamarkada) euforia teknologikoa kontraste gordinean agertzen zen artearen erakundeek horrelako obren aurrean gordetzen zuten anonimotasunarekin. Egun, aldiz, teknologia eguneroko kontua izatera iritsi da, gure bizitza pribatuaren hondoraino sartu da eta teknologiari lotutako artea gure garaiko edozein erakusketatan agertzen da», adierazi du Josu Rekalde ekimen honen arduradunak.
Telebistari begira
Gehiengo batek bideoak landu ditu eta hamar batek instalazioak. Azken horiei dagokienez, ikus-entzunezkoaren eta espazioaren arteko harremana landu dute erakusketaren protagonistek. Sorkuntzazko bideoak ikus daitezke, baita animazio lanak eta fikziozkoak ere. Gainera, zortzi argazki ikus daitezke.
JosuRekalde katedradunak egin duen obren aukeraketan telebistarekin lotura berezia ikusten da. Izan ere, bi kate publikotan ematen diren programetan parte hartu dute ikasleek lantxo laburrekin.Horrekin lotuta, Arteari eta Telebistari buruzko jardunaldia egin berri dute Bilbon. Arteari buruz hitz egiteaz gain, komunikabide horrek sorkuntza lanak erakusteko gaitasuna duen aztertzea izan da oinarrian.
Ikasleen obrek Txomin Badiola artistaren instalazio batekin partekatzen dute BBVAren aretoa. Testuinguru horretan, erakusteko bereziki egindako lana da ‘‘Imaginar ez malinterpretar’’ izenburuarekin aurkeztu duen obra.
Ikus-entzunezkoarekin zerikusia duten elementuak erabili ditu bere lanerako, baina funtsean ez da ez audiorik ez mugimenduan dagoen irudirik. «Egon gabe egoteko modu bat da», azaldu du artistak duela gutxi bere obraren gainean.
Guztira hamaika irudi zintzilikatu ditu horman, hamaika testurekin lagunduta. Aurretik existitutako materialak erabiliz obra berri bat egin du. Hots, handik eta hemendik harturiko irudiak testuinguru berrietara ekarri ditu. Bakoitzaren alboan testu bat jarri du, beste batzuek idatzitakoak dira eta ez dagokie irudi horiei. «Gaizki interpretatzeko modu bat da, hortik dator bada instalazioari eman diodan izenburua», esan du egile bilbotarrak. Azkenean ikusleak ematen dio edukia obrari.
Ikusle bakoitzak bere istorioa
Ikusleak bila dezake, artistaren baimenarekin, irudien arteko lotura. «Nik ez dut istorio zehatz bat kontatzen, baina ikusleari istorio bat edo istorio batzuk iradoki ahal dizkio», azaldu du Badiolak.
Erabili dituen argazkiak iturri desberdinetatik datoz. «Irudien biltegi ia amaigabea» dagoela uzten du agerian ekintza horrekin. «Gaur egungo kultur egoerarekin du zerikusia. Alegia, irudiak erabiltzeko aukera zabala dagoela eta berehala joan gaitezkeela etengabe eguneratzen ari den historiaren artxibo horretara», nabarmendu du egileak.