Haur jolasetan bezain gustura
Euskal Jatorriko Animalien VII. Erakusketa aitzakiatzat hartuta, jende mordoska batu zen atzo Ormaiztegin. Animalia franko zegoen bertan ikusgai, «euskaldun peto-petoak», gainera, guztiak. Haurrak izan ziren gozaturik ederrena hartutakoak; helduagoek ere, ikusmira batetik, eta mokaduren bat jateko aukera bestetik, primerako goiza pasatu zuten. Animalion jabeak, berriz, horiek defendatzeko eta aitortzeko premiaz mintzatu ziren. Jaia eta aldarria, beraz, eskutik helduta etorri ziren.
Euskal jatorriko animalien erakusleiho bilakatu zen atzo Ormaiztegi eta bertaratu ziren haurrentzat, berriz, primerako jolastoki. Txerriak, txakurrak, behiak, antzarak, oiloak, pottokak... Denetik, hori bai, guztiak euskal arraza peto-petokoak.Eguraldia ere lagun, jende andana batu zen atzo zazpigarrenez egin zen Arrastoak Jatorrizko Euskal Animalia Espezien VII. Erakusketara. Goizeko hamarretan zabaldu zituen ateak ekimenak eta pixkanaka-pixkanaka jendea pilatzen joan zen animalia espezie bakoitzari eskainitako guneetan. Antolatzaileak ere gustura zeuden erakusketak eguerdirako hartua zuen tankerarekin. Xabin Ezkurdia zinegotziak ekimen honek gero eta jende gehiago erakartzen duela adierazi zuen eta, gainera, «jendeak errepikatu» egiten duela nabarmendu zuen. Haurrak izan ziren, zalantzarik gabe, irribarre eta algararik sendoenak aurpegiratu zituztenak, batez ere, eguerditik aurrera pottoken gainean edota astoetan ipinitako saskietan ibiltzeko parada izan zutenak, hura gozatua batzuena; beste zenbaitek auto lasterketak imitatu nahian edo, azkartxoago joatea desafio egiten zuen.
Balkoian egin behar lekua
Gainerakoan ere, batean eta bestean kokatuta zeuden animaliak ikusten ere primeran pasatu zuten txikienek eta horien aitzakian baita helduxeagoek ere. Arretaz jarraitu zuten pottoken heziera erakustaldia, bai eta pottoken lehiaketa ere. Horrenbestekoa haur batzuen pasioa, guraso batzuk balkoian lekuren bat prestatu beharko zutela esanez hasiak ziren algara artean.Animalien artean baziren bertako ibai karramarroak ere. «Inoiz ez nituen ikusi», esan zuen gazte batek, baina segituan bururatu zitzaion horiekin zer egin zezakeen. «Tomatearekin ederrak egongo dira», esan zion segidan lagunari. Sabelak nonbait asko agintzen du eta atzo nabarmen geratu zen. Jatorrizko animalien elkarte hainbatek jateko produktuak jarri zituzten salgai eta gutxi batzuek egin zien muzin mokadutxo bat jateari edota halako edota bestelako produktuak etxeratzeari. Pello Urdapilleta Euskal Txerriaren Elkarteko kidea batera eta bestera zebilen euskal txerriaren txorizo pintxoak jendeari banatzen eta euskal txerriaren inguruko informazioa zabaltzen. Lanak lan, gustura zebilen urte askotako jardunaren fruituak jasotzen ari baitzen. «Jendea onartzen joan da txerria ez dela bakarrik arrosa, badirela pinttoak eta guztiz beltzak direnak ere». Bere esanetan, euskal txerriaren egoera nabarmen hobetu da azken urteetan. «Orain hamalau urte 30-40 txerrama zeuden eta gaur egun elkarteko kideen artean 400 bat ditugu». Hori, besteren artean, euskal txerriarekin egiten diren produktuen kalitateari esker lortu dela aitortu zuen. Euskal jatorriko zaldien aldeko apustua egiteko premiaz mintzatu zen Victor Lopez Okinako bizilaguna ere. Erakustaldira eramandako behorren sendotasunarekin arro, jateko primerakoak direla nabarmendu zuen. «Jendeak erreparo handia du zaldi edota behor haragia jateko, baina nik aukeran beste edozeinena baino nahiago dut», adierazi zuen. Honakoa erantsi zuen ondoren: «Probatzen duenak berriz errepikatzen du». Animalion etorkizuna bermatzeko, gainera, ezinbestekotzat jo zuen bide horretan lan egitea.
Ilarak betizua jateko
Zaldi haragia ez, baina nahi zuenak izan zuen betizuarena dastatzeko parada. Arrastoak erakusketako antolatzaileek goizeko seietarako jarri zuten erretzen su geldoan eta eguerdirako puntu-puntuan zegoen, horixe zirudien behinik behin, pintxo bat jateko egin ziren ilarak ikusita.Goiz partean ez ezik, arratsaldean ere bazen zer ikusia Ormaiztegin, I. Artzain Txakurren Erakustaldia izan baitzen. Ez zen, gainera, nolanahiko ikusmira izan, bertan baitziren beren abilezia erakusteko prest Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Euskadiko txapelketetan garaile izan diren txakurrak. -
|