Ixabel Etxeberria - Irakaslea
Baikortasuna
Laborantza mundua bidea erakusten oraindik. Aldi honetan Lurrama elkartearen bitartez Baionan merkatu mota berri bat antolatuko dute, kanpaina hirian, alegia. Laborantza Ganberaen bitartez proiektuetan dabiltza, nahiz eta parte hartu gaurkotasunak eskatzen duen mobilizazioetan. Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera, oztopo guztien gainetik geroa gure gain, guhaurk indarrak eginez eta buru muinak martxan emanez emaitzak lortuko ditugun filosofia praktikan ezartzen ari da. Laborantza munduak gizarte osoari hitz egiten dio, alde guztietatik presioak jasaten dituelarik, genetikoki aldatuak diren uzten eremuetan, errepresio gogorrari aurre egin behar diolarik, fronte askotan erantzuten ari da. Aste berean, Filipe Bidarten baldintzapeko askatasunari fiskalak ezetza emateko eskatzen duelarik, beste epaile guztiak baimenaren alde agertu direlarik, frantses boterea aurka agertzen zaigu berriz ere. Azken finean koherentzia bera gordetzen dute, mendekuarena, Action Directeko militanteen kontra erabiltzen dutena. Eta kasualitatez, Filipen aldeko mobilizazioen aste berean, Baigorrin, kasualitatez Baigorrin, lehergailuen egiteko osagaiak aurkitu dituzte besteak beste. Ezin sinetsia. Manipulazio tresnak aintzinan emanez, iritzi publikoa erabakien alde ematearren, manipulazio kaskarrak ere balio du. Nor kezkatuko da oldartzen direnen kontra erabiltzen den tresneria ezin onartua dela salatzeaz? Hemezortzi mila izenpetze. Hemezortzi mila euskal departamenduaren alde. Berrogeita sei mila behar Parisi urrats txiki baten eskatzeko. Merezi zuela genioen. Hauteskundeak heldu zaizkigu fite, politikari nagusien oharrak eta sinesmenak entzunen ditugu aski fite. Hegoaldeko instituzioekin harremanak sendotzen eta beharrezkoak direla erranen digute, aste honetan Poulouk adierazi duen bezala, hizkuntza babestu behar dela, baina elebitasuna hobe, murgiltze sistemari dirurik eman gabe, eta ofizialtasunik gabe, ez omen baitu iraupena segurtatzen, prefetak esplikatu zigun bezala. Abertzaleek bultzatutako ideia nagusiak errekuperatzen arituko dira, interesatzen zaien alderdietara ekarriz, mentalitateak mugitzen ari direla ohartzen baitira. Ez dute besaulkia galdu nahi; beraz, diskurtsoa aldatuko da, errealitatean bide beretik jarraituz. Aldiz, ohartuko gara EAJ gero eta gehiago hemengo jaunttoen politikari egokitzen ari dela, pentsa dukete haien eremuaren finkatzeko ate onena hau dela. Laborantza Ganberak bide egokiena irudimenarena, hausturarena eta baikortasunean gizarteari hitz egitearena dela erakusten digu. Gaur arte arrazoia izan dute. -
|