GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-10-09
Mikel Aramendi
Horren hurbil

Porfirio Diazi egozten zaio esaeraren aitatasuna: «Mexiko gaixoa: Jainkoagandik hain urruti eta Estatu Batuetatik honen hurbil!». Gaiztoa bai, baina kaikua ez zenez, kokapen geografikoak nazioarteko harremanetarako eta bilakaera politikorako ezartzen dituen baldintzen estutasunak nabarmendu nahi zituen, jakina, Mexiko independentearen historiako diktadorerik krudelenak.

Hamaika herrialde ezberdinetarako moldatu da geroztik aipua. Errusiak inguruan dituen herri guztietako hizkera politikan ohikoa da, adibidez, jatorrizkoan «Estatu Batuak» zioen lekuan beste potentzia honen izena ipiniz, noski.

Sinestezina da, beraz, Georgiako lehendakari M. Saakaxvilik esaera ez ezagutzea, eta beronek aditzera ematen duenaren jakitun ez izatea. Horren hurbil duen (eta edukitzen jarraitu beharko duen) Errusiarekiko ika-mikatan sartzen denean, nonbait «Jainko» oso ahaltsu eta ez hain urrutikoaren itxaropenarekin dabilela suma genezake, bidenabar. Baina ez dakit burutazio hori batere zuzena ote den.

Azken hamar egun hauetan Tiblisiko eta Moskuko gobernuen arteko tentsioak jo duen gorakadaren sekuentzia ezaguna da. Eta ez dira ahantzi behar aurrekariak (iragan neguko sabotajeak oliobideetan, edota georgiar ardoei Errusiak ezarritako debekua), ez eta testuinguru geopolitikoa (Hego Osetia, Abkhazia, Kodori, Pankisi eta beste hainbat leku-izenetan laburbil daitekeena) ere. Georgia independenteak Errusiarekin duen auzotasuna korapiloz beteta egon da hasiera-hasieratik.

Saltzen dituen lehengaien garestitasunak ematen dion oparotasunak indarberrituta, eta bere aurkari nagusiek egin dituzten esku/hanka-sartze geopolitikoen ondorioz biziki lasaituta ager daitekeen Putin autoritario eta erasokor horri erronkak botatzeko sasoirik egokiena ez dela esan liteke. Ukrainako Iraultza Laranjarekin gertatu dena gogoratzea aski litzateke Georgiako Iraultza Arrosak akabera bertsua izan ez dezan kontuak ateratzen hasteko. Errusiaren hegemonia politiko, ekonomiko eta militarra ez da txantxetan hartzekoa, Porfiriok zioenaren ildoan.

Arazoa da Tiblisiko gorabeherak Moskun bizi diren georgiar xumeek nozitu dituzten bezalatsu, ea ez ote den norbait Saakaxvili xaxatzen ari Errusia suspertuari endredo batzuk sortzearren... Hungariako Altxamenduaren 50. urteurrena «ospatzeko» modu bat litzakete, agian. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una buena noticia
Euskal Herria
Animos y abrazos para los procesados
Kirolak
La Selección vasca marca el mejor gol por la oficialidad
Kirolak
Trágica muerte del piloto leioaztarra Josu Ugarte en la Subida a Urraki
Kirolak
El mejor banquillo inclina la balanza del lado navarro
Euskal Herria
Iñaki de Juana abandona la huelga de hambre tras 63 días de lucha
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss